argia.eus
INPRIMATU
Gasteizko EHUn sartu eta ikasle bat atxiki du Ertzaintzak, kaputxadunen ekintza baten ondoren
  • Ostegun goizean zenbait gaztek kaputxak jantzita Gasteizko Letren Fakultateko kamerak hautsi ostean, EHUk Ertzaintzari deitu dio. Agenteak Letren fakultateko Ikasle Gelan eta Farmaziako fakultatean sartu dira eta ikasleen motxilak, ordenagailuak eta paperak eraman dituzte, ARGIAk zenbait iturriren bidez jakin ahal izan duenez.

ARGIA @argia 2017ko martxoaren 16a
Ertzaintza Gasteizko EHUn. (Arg.: Hala Bedi)

Ikasle bat ere atxiki du Ertzaintzak. Hasiera batean atxilotu egin dutela zabaldu da, baina atxiki eta identifikatu ostean askatu dute. Goiz guztian zehar Ertzaintzaren presentzia handia izan dela esan dute aipatutako iturriek.

Ikasle mugimenduak mobilizazioak iragarri ditu gertakariei erantzuna emateko.

Azken egunotan askotan joan da Ertzaintza EHUra. Besteak beste, martxoaren 3an, 1976ko bost langileren hilketaren urteurrenean, edo astelehenean, Iruñeko atxiloketak salatzeko kontzentrazioan zeuden gazteak identifikatzen saiatu zirenean.

Datorren astean greba deituta dute asteazkenean ELA, LAB eta Steeilas sindikatuek, eta ostegunean, Ikasle Abertzaleek.

Errektorego taldeak elkarretaratzea deitu du ekintzen aurka

EHUk hedabideetara bidalitako ohar batean baieztatu du Ertzaintzari deitu diola, "azken asteotan behin eta berriz gertatu den egoera honen aurrean, eta langileen eta ikasleen segurtasun fisikoa babestu nahian".

Unibertsitateak adierazi duenez, kaputxadunek hainbat kalte egin dituzte: kamerak hautsi dituzte, ate nagusietako baten kristala apurtu eta fakultateko ahots eta datu sarea hondatu.

Errektorego taldeak "irmo" arbuiatu ditu "errepikatzen ari diren euskal unibertsitate publikoaren aurkako erasoak" eta unibertsitateko kide guztiei dei egin die kontzentrazioa egitera ostiralean.