argia.eus
INPRIMATU
Ertzaintza eta Foru Polizia, espioitza informatikoa eskaintzen duen enpresa batekin harremanetan
  • Munduko gobernu eta inteligentzia agentzia ugariri softwarea eskaintzen dion Hacking Team espioitza enpresa hackeatu egin dute. Filtrazioaren arabera, hainbat euskal erakunde ere harremanetan zeuden haiekin.

Garazi Zabaleta 2015eko uztailaren 08a
Munduko gobernu eta inteligentzia agentzia ugariri espioitza softwarea eskaitzen dio Hacking Teamek (argazkia: xataka.com)

400GB informazio filtratu eta interneten eskuragarri jarri dituzte, bere bezero eta negozioen gaineko datuekin.

Segurtasun alorreko aditu batek ARGIAri adierazi dionez, Euskal Herriko hainbat erakunderen kontaktuak ageri dira hackeatutako datuetan. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzak, Ertzaintzak, Nafarroako Foru Poliziak eta hainbat euskal enpresek Hacking Teamekin harremanak izan dituzte, beti ere interneten zabaldutako filtrazioan ageri denez; baita Gipuzkoako Guardia Zibilaren kontaktu batek ere.

Bestalde, Espainiako Inteligentzia Zentro Nazionala eta Polizia Nazionala Hacking Teamen bezeroen zerrendan leudeke. Publikatutako datuen arabera, gainera, Telefonica konpainiak espioitza enpresan inbertsioa egiteko asmoa azaldu zuen, ondoren Polizia Nazionalari eta Guardia Zibilari zerbitzuak eskaintzeko helburuarekin, hileroko errenta baten truk.

Whatsapp, Facebook, Skype zein Gmail, dena zelatapean

Hacking Team enpresaren softwareak espioitzarako zerbitzu anitzak eskaintzen ditu: Skypeko dei eta txaten espioitza, Facebookeko, Gmail edota Outlookeko informazioak, kamerako argazkiak, mikrofonoaren grabazioak, edota WiFi pasahitzak, adibidez. Denetarik aurki daiteke Hacking Teami hackeatu dizkioten datuen artean: fakturak, e-postak, ogasuneko aitorpenak, eta bankuetako mugimenduak, besteak beste.

Filtrazioak informazio ugari jarri du eskuragarri: zein gobernu, zerbitzu sekretu, polizia, enpresa eta abarrek erabili dituzten Hacking Teamen zerbitzuak, zenbat ordaindu duten, enpresaren bezeroen eta kontaktuen zerrenda eta langileen e-posta guztiak, esaterako.

Estatu ugarik inbertsio handiak egin dituzte espioitza enpresa honetan. Mexiko dago diru gehien inbertitu duten herrialdeen artean lehen postuan, eta Espainiako Estatua zerrendako lehen 25en artean ageri da, 538.000 euroko inbertsioarekin.

Filtrazioan Sudan ere bezero zerrendan agertu da, nahiz eta legez kanpokoa den software mota hori herrialde afrikarrari saltzea.