Kazetaritzaren helburu nagusia egiazko informazio lortu, tratatu, interpretatu eta hedatzea izan beharko litzateke. Hortaz, kazetariak gertakari bat, interesagatik, beldurragatik edo zabarkeriagatik ez manipulatzea edo gezurrik ez kontatzea espero da, eta gertakari horren inguruan daukan ezagutza guztia modu egoki batean kontatzea. Hala ere, mass-medien kazetaritzak albisteen eta errealitatearen arteko aldea nabarmena dela erakutsi digu berriz ere.
Honen adibide garbia, atzo El Correo-k argitaratutako artikulua da. Izenburuak horrela zioen: "Los okupas de Errekaleor piden ayuda a la Ertzaintza para mediar en una discusión interna". Argi dago komunikabide honek ez duela informazioaren kontrasterik egin Errekaleor Bizirik proiektua erasotzeko asmoarekin. Ez da lehenengo aldia El Correo-k, eta zehazki David Gonzalez kazetariak, praxi okerraren bidez errealitatea manipulatzen dutena Errekaleor Bizirik proiektuaren kontrako iritzia zabaltzeko.
Pasa den igandean, uztailaren 16an, 112-ra dei bat egin genuen auzoan bizi den bizilagun baten osasun arazo bat zela eta, anbulantziaren presentzia eskatuz, ez poliziarena. Ez da lehenengo aldia, anbulantzia deitzen duguna osasun arazo bat tarteko. Deiaren arrazoia beraz, auzokide bati asistentzia medikua ematea zen eta ez artikuluan aipatzen den bezala pertsona hori poliziak atxilo eramatea.
112ra deitu izanaren arrazoia ez zen auzokideen arteko “barne gatazka batean bitartekaritza egitea”, artikuluak esan bezala. Eta lasai egon daitezela Ertzaintza eta David Gonzalez: gure artekoak haien laguntzarik gabe konpontzen ditugu, ez diegu deitu ezta deituko ere inoren etxean sartu daitezen.
Artikuluak sentsazionalismo eta prentsa horitik asko du eta etika periodistiko gutxi. Beraz, Ertzaintza, David Gonzalez kazetaria eta El Correo egunkaria gertakari honen inguran esaten dituzten gezurrak zuzentzera gonbidatzen ditugu.
Poliziak ez gaitu babesten, gure auzokideek bai.
Itxaso Viñe eta Hirune Tobajas Errekaleor Bizirik-eko kideak