Ertzaintzako sindikatuek Tolosan egindako erasoa goraipatu eta gero, Segurtasun sailburu Josu Erkorekak adierazi du zenbait ertzainek motibazio ideologikoak badituzte, sailak ezin duela hori ebaluatu, Naizek jaso duenez.
16 urteko gazte bat Tolosan begian larri zauritu ostean, lehen planoan jarri ditu berriro Ertzaintzaren jarduna eta izaera. Adingabearen aitak “aldatzeko garaia” dela adierazi du asteartean Villabonako prentsaurrekoan eta bitartean, polizia sindikatuek “profesional” gisa jardun izana goraipatu dute.
Gaiaren harira, adierazpenak egin ditu Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Josu Erkorekak: "Hasiera-hasieratik Ertzaintza bera izan da istilu horien berri eman duena, gardentasun osoz, mundu guztiaren aurrean, astelehen goizean bertan, beste inoren salaketen esku utzi gabe”.
Nabarmendu du Ertzaintzak “bere kabuz eta gardentasunez” eman zuela istiluen berri, eta ireki zuela ikerketa. "Ertzaintza bera izan da ikertzeari ekin diona, hasierako diligentziak ireki dituena, inoren salaketaren zain egon gabe, eta aurrera doa ikerketa”.
Ertzaintzaren foam jaurtigai batek eragin zion zauria gazteari. Ospitalera eraman zuten, begian zauri larria eraginda. Han dago oraindik, ebakuntzaren zain; handitua du begi ondoa, eta beraz medikuek itxaron behar dute ebakuntza egiteko; ondo bidean, ostegunean egingo diote. Gazteak 16 urte ditu, eta Villabonakoa da. Asteartean elkarretaratzea egin dute, "Bortizkeria polizialik ez" lelopean. Larunbatean, berriz, mobilizazioa egingo dute “ez garela seguru sentitzen argi plazaratzeko”, 12:00etan, Tolosako Trianguloan.
ELA-Ertzaintzak, ohar baten bidez, elkartasuna adierazi dio Tolosan zauritutakoari eta lehenbailehen osatzea espero duela adierazi du. Horrekin batera, Segurtasun Sailari eskatu dio argitu dezatela kasua, eta neurriak hartzeaz gain gertatutakoa ahalik eta azkarren ebazteko. Horrelako kasuak berriro gerta ez daitezen.
ELA-Ertzaintza ez dago ados Erne, ESAN eta SIPEren oharrarekin “zaurituarekiko enpatia oso txikia izateaz gain, Ertzaintzaren jarduera ororen defentsa sutsua erakusten dutelako, edozein dela ere, zerbitzatu behar duen gizartetik urrunago egotea besterik ez duelako lortzen”.
Sindikatuak nabarmendu du istiluen aurkako materiala erabiltzea saihestu zitekeela, baldin eta "nahikoa langile" egongo balira polizia-etxeetan eta polizien jardunean "prebentzioa lehenetsiz gero".