argia.eus
INPRIMATU
Kalez eta uniformez jantzitako ertzainen erasoak salatu dituzte bost gazte oñatiarrek
  • Kalez eta uniformez jantzita zeuden hamarren bat ertzainek borra luzagarrien laguntzarekin amorru kolpez, indarkeriaz eta irainez beterik jipoitu zituztela adierazi dute gazteek. "Jare Kuartela Eguna"-ren amaieran eman zen gertakaria.

Iñigo Igartua @igartua19 2019ko ekainaren 17a
Oñatiko plazan atera zen argazki erraldoia.

Ekainaren 15eko gauean Oñatiko Gaztetxe ondoan dagoen Antixena parkeko inguruetan ertzainen erasoa jasan zutela salatu dute bost gazte oñatiarrek. Festa giroan eta inolako tentsio momenturik gabe igaro zen jardunaldian, Guardia Zibilak Oñatitik joatea eskatzeko antolatu zen “Jare Kuartela Eguna”-ri amaiera ematen zien kontzertuen ostean izan zen gertakaria.

“Gaztetxetik plazara gindoazela argi urdinak ikusi eta zipaioak zeuden abisua eman zuen gutariko batek”, azaldu dute erasoak izan ziren gazteek sare sozialetan argitaratu duten ohar batean. Orduan, hamarren bat ertzain “zipaio le vas a llamar a tu puta madre” bezalako irain artean borra luzagarriekin jipoitu eta berehala desagertu zirela adierazi dute.

“Ertzainak norbaiten zain zeudela ematen zuen, inolako azalpenik eman gabe eta borra eskuan hartuta guztiak batera etorri baitziren guregana”, azaldu digu erasoan izan zen gazteetako batek. “Sei-zazpi borra kolpe marka ditut gorputzean eta ertzainetako batek borra hautsi zuen, erabilitako indarkeria neurrigabekoaren adierazle” gaineratu du.

Argitaraturiko oharrean jakinarazi dute salaketa legalik ez dutela jarriko, horrek ekar diezaiekeen ondorio eta errepresioa ekidin, eta anonimotasuna mantentzeko asmoz.

Jare Kuartela Eguna

Azken urteetan “Fan Hemendik” izenpean ezaguna izan den mugimendua, azal berriturik iritsi da aurtengo ediziora. Guardia Zibila Oñatitik joatea eskatzea helburu duen herri-ekimenak, “Jare Kuartela” lemapean egin ditu ekainaren 15ean antolatu ziren ekitaldiak.

Aurtengo egitarauko plater nagusia, larunbat eguerdian herriko plazan atera zen argazki erraldoia izan zen. Adin guztietako ehunka herritar bildu ziren bertan eta aurreko urteetako manifestazioaren tokia hartu zuen. Azken hilabetean Guardia Zibila herritik joatea eskatzeko sinadura bilketa ere jarri zuten abian, dagoeneko 1.800 sinadura inguru jaso dituzte.

Hala ere, “Jare Kuartela Eguna” ardo dastaketarekin hasi zuten herritarrek eta argazki erraldoiaren ostean, egun osorako indarrak hartzeko aukera paregabea izan zuten plazan jarri zen sukalde herrikoiarekin.

Arratsaldeko txandari hainbat lagun taldek parte hartu zuten jolasekin eman zioten hasiera. Poteoan musikaz beteriko animaziorik ere ez zen falta izan. Gauean, kontzertu eta dj-en laguntzarekin gaztetxean antolatu zuten festarekin eman zioten amaiera aurtengo edizioari.

Argazki gehiago: