Eibarren, presoen aldeko elkarretaratzean Cake Minuesa kazetari espainiar eskuindarrak elkarretaratzea zapuztu nahi izan zuela eta ondoren Ertzaintzarekin izan zuten hartu-emanean herritar bat atxilotu zutela salatu dute, ertzainari eskatu ziolako euskaraz egiteko eta honek herritarrari berriz, gaztelaniaz mintzatzeko. Ertzainek beste hainbat zauritu zituztela ere salatu dute. Segidan, elkarretaratzean parte hartu zutenen kontakizuna.
Abenduaren 17an presoen aldeko Eibarko elkarretaratzean gertatutakoaz oharra atera dute elkarretaratzean parte hatu zutenek. Euren hitzetan, “elkarretaratzean geundela, Cake Minuesa ‘kazetari’ ultraeskuindarra gerturatu eta hainbat pertsona zirikatzen hasi zen (…) Presionatu eta plazatik kanporatua izan zen. Unean bertan izandako erreakzioa izan zen, inork ez duelako eskubiderik presoen aldeko elkarretaratzea zapuzteko (…) Elkarretaratze hauetan beti egoten da Ertzaintzaren patruila bat, abenduaren 17koan izan ezik. Baina, Cake Minuesak alde egin bezain pronto, elkarretaratzearekin jarraitzekotan geundela, bertan azaldu zen Ertzaintzaren patruila bat. Gutako bat saiatu zen kotxean zeuden ertzainei gertatutakoa adierazten, euskaraz. Ertzainek identifikatzeko eskaera egin zioten inolako arrazoirik gabe, eta herritarrak euskaraz eskatzeko erantzun zien. Orduan, haiekin gazteleraz mintzatzeko esan zioten ertzainek, eta herritarrak berriz euskaraz egiteko eskatu ostean, autoaren kontra jarri eta atxilotu egin zuten. Elkarretaratzean geundenok hori ikustean azalpen eske hurbildu ginen poliziaren autora. Orduan, bertan zeuden bi ertzainak oldartu eta borraz jendea erasotzen hai ziren, ez gerturatzeko esanez. Tentsio handiko momentuak izan ziren eta gutxienez bertan geunden bi pertsona zauritu zituzten ertzainek”.
Atxilotuta eraman zuten herritarrak gaua kalabozoan pasa behar izan zuela azaldu dute, eta hurrengo goizean epaitegian deklaratu ostean gelditu zela aske. Eraso delituak egozten dizkiote.
Horren guztiaren aurrean, elkarretaratzeko kideek “espainiar faxismoaren inpunitatea” kritikatu dute lehenik, “jendartean babes zabala duen manifestazio bat zapuzteko saiakera onartezina” iruditzen baitzaie. Horrez gain, ertzainek euren hizkuntza eskubidea urratu izana salatu dute: “Argi ikusi dugu atxiloketaren arrazoia hori izan dela. Guztiz bidegabea da ertzain batek gaztelaniaz jarduteko exijentzia egitea, eta egin ezean atxilotua izatea. Nork erantzungo du eskubide urraketa honen aurrean?”.
Azkenik, ertzainek “herritarren aurka erabilitako biolentzia” salatu dute.
“Injustizia honi erantzuna emateko”, elkartasun agerraldia deitu dute abenduaren 22rako, Eibarko Unzaga plazan.