argia.eus
INPRIMATU
Ertzainek kamerak eramango dituzte gainean azarotik aurrera
  • Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Bingen Zupiriak asteazkenean jakinarazi zuen: azarotik aurrera, bideo-kamerak eramango dituzte soinean ertzainek. Ohikoa da poliziek, inolako disimulurik gabe, kamerak eskuan hartu eta interbentzioren batean gertatzen ari dena grabatzea; baita zuzenean bertan dauden pertsonen aurpegiak grabatzea ere. Baina, laster, ezkutuagoak izango diren kamerak ere edukiko dituzte gainean poliziek, eta edozein esku-hartzetan gertatzen dena grabatu ahal izango dute.

Gedar @GedarLangileKZ 2024ko urriaren 11
Ertzaintzaren artxiboko argazki bat. artberri (CC BY 2.0)

2022an, mota horretako 1.387 gailu erosi zituen Ertzaintzak. "Bisitatu ditudan komisarietan ikusi dut nola dauden prest behar diren egiturak eta plataformak, kamera horiek behar bezala energiaz kargatzeko, eta barruan dituzten irudiak behar bezala deskargatzeko ordenagailuetara", azaldu du sailburuak.

Zer erabilera emango zaie?

"Poliziaren gardentasunaren" izenean hartu du neurria Jaurlaritzak, baina, ohi bezala, askotarikoa izan daiteke kamerek grabatutako edukiari gerora emango zaion erabilera erreala. Ikusteke dago zertarako baliatzen dituzten agintaritzek grabazio masiboak, baina Zupiriak aditzera eman du jada ez dituztela irudiak ertzainei begira soilik erabiliko.

"Baliabide bat gehiago izango da gauzak nola gertatzen diren jakiteko eta horien inguruko erabakiak hartzeko, bai polizien jardunean, baina baita Justiziaren ikuspegitik ere", esan du Zupiriak. "Seguru nago momentu askotan ertzainei ere emango diela halako segurtasun bat, egiten dituzten ekintza horiek grabatuko direlako, eta hori ere garrantzitsua da", gaineratu du.