argia.eus
INPRIMATU
Ertzainek Donostiako plaza bat bortizki hustu izana salatu dute
  • Pasa den larunbatean, Donostiako Mikel Laboa plazaren inguruan haur, guraso eta auzokideak zirela, bat-batean Ertzaintza “modu oldarkor eta erasokor batean” plazara sartu zela, plaza bortizki hustu zutela eta hainbat auzokideren aurka oldartu zirela salatu dute Antiguako bizilagunek. “Aurrez inolako abisurik eman gabe haurrak dauden gune batean halako indarrarekin sartzeak ez dauka justifikaziorik”.

ARGIA @argia 2020ko abenduaren 22a

Antiguako bizilagunen hitzetan, abenduaren 19ko 21:30ak aldera agertu zen Ertzaintza, bat-batean: “Dozena bat kaputxadun, euren borra, kasko eta ezkutuekin, aurrez inolako abisurik eman gabe Mikeletes Pasealekutik agertu ziren, lasterka. Egoera honen aurrean, frontoian eta parkean zeuden auzokide gehienek bertatik alde egin zuten. Operazioaren bortizkeriaren aurrean, gertatutakoa ikusi zuten auzokide batzuk joan ziren ertzainei euren jarrera biolento eta neurrigabea leporatu eta azalpenak eskatzera. Ertzaintza, orduan, auzokide horien aurka oldartu zen, batzuk jipoituz eta beste batzuk atxilotuta eramango zituztela mehatxatuz. Handik minutu gutxira, plazatik alde egitea erabaki zuten”.

“Pandemiari aurre egiteko, indarra eta beldurra?”

Antiguotarrek gogor salatu dute gertaturikoa, gauzak beste modu batera egin zitezkeela sinetsita: “Plazan jende gehiegi zegoela pentsatzen bazuten eta hura hustu nahi bazuten, era baketsu batean agertzearekin nahikoa izango zen, aurrez udaltzainek edo ertzainek ere egin izan duten bezala. Beraz, zergatik bat-batean halako bortizkeria? Nork agindu zuen plaza hustuaraztea? Nork erabaki zuen indarrez egitea? Benetan uste al dute pandemiari aurre egiteko indarra eta beldurra erabiltzea baliagarriak direla?”.

Antiguotarrek gogoratu dute ez dela azken egunotan Ertzaintzaren aldetik Donostian ikusi den tankerako gertaera bakarra “eta jokabide erasokor hori amaitzea exijitzen dugu”.