argia.eus
INPRIMATU
Ertzainak Indarbidez mugimenduari “beldur” izatea eta “gezurretan” aritzea leporatu die Erkorekak sindikatuei
  • Ertzainak Indarbidez mugimenduak eta sindikatuek “2012tik berritu gabe” dagoen lan hitzarmena berritzea –eta soldataren 1.100euroko igoera– eskatzen ari dira azken asteetako protestetan, baina Segurtasun sailburuaren esanetan, 2012tik lau aldiz berritu edo moldatu da hitzarmena. Ziurtatu du sindikatuak Jaurlaritzarekin negoziatzen ari zirela, iragan astean “mugimendu asindikal” batek sindikatuak “beldurtu” eta mahaitik altxatu ziren arte.

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2023ko ekainaren 06a
Ertzainak Indarbidez mugimenduak Bilbon egindako manifestazioa. Argazkia: Ertzainak Indarbidez

Ertzaintzan giroa baretzetik urrun dagoela ematen du: Busturian asteartean egin duten Gobernu Kontseiluaren ostean egin ditu ertzainen azken asteotako mugimenduen aurkako adierazpenak Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak; eta, hain zuzen ere, kontseiluaren bilera tokiaren aurrean egin dute elkarretaratzea ehunka ertzainek, poliziaren lau sindikatuek deituta – ErNE, Esan, Euspel eta Sipe–. “Benetako negoziazio” baten eta Erkorekaren dimisioaren aldeko oihuak entzun dira elkarretaratzean.

Lan hitzarmena

Bere burua “asindikal” gisa definitzen duen Ertzainak Indarbidez mugimendu jaioberriak mobilizazioak hasi zituen, beren esanetan 2012tik berritu gabe dagoen lan-hitzarmena berritzea exijitzeko. Ondoren batu dira sindikatuak aldarrikapen eta mobilizazioetara. Erkorekak gaur adierazi du “gezur borobila” dela hitzarmena berritu ez denik azken 11 urteetan. Kontrara, ziurtatu du lan-baldintzen 3 aldaketa adostu direla ordutik sindikatuekin (2012an bertan, 2018an eta 2023an), eta 2021ean karrera profesionalaren inguruko beste akordio bat erdietsi zutela, zeinaren ondorioz aurten 21 milioi euro banatu diren Ertzainen artean. Ertzainen lan-baldintzak azken urteetan “nabarmen” hobetu direla ziurtatu du Erkorekak.

1.100 euroko soldata igoera

Lan hitzarmenaren berritzeaz harago, Ertzainak Indarbidez mugimenduaren eskaerak harago doaz (sare sozialetan zabaldu eta gerora ezabatu zuten aldarrikapen taularen arabera). Besteak beste, exijitzen dute soldaten 1.100 euroko igoera lineala, urtez urte KPIaren araberako igoerak edukitzea, edo “azken 10 urteetan galdutako” erosahalmenaren atzeraeraginezko berreskuratzea. Erkorekak adierazi du ertzain guztiei eragingo liekeen soldata igoera ezin dela mahai sektorial batean erabaki, eskumena Administrazioaren Mahai Orokorrari dagokiola eta Espainiako Gobernuak ezarritako mugak errespetatu behar direla.

Negoziaziorako deia

“Bere buruari ‘asindikal’ esaten dion mugimendu bat agertu zen eszenatokian, erakunde sindikalak beldurtu eta bere markoa, bere legea, bere gogoetak inposatu zituen. Negoziazio betean zeudenak mahaitik altxatzera behartu zituen, hilabete askotan zehar beren negoziazioa garatzeko erabiltzen zituzten estrategia eta parametro guztiak aldatzea eraginez”. Horren gordin azaldu du Erkorekak azken asteetan ertzainen, bere sindikatuen eta Jaurlaritzaren artean sortu den gatazka.

Edonola ere, sindikatuekin negoziatzen jarraitzeko prestutasuna agertu Barne sailburuak, “zentzuzko parametroetan egin behar den negoziazioa”. Horretarako, sindikatuei dei egin die adierazpenen tonua baretzera, eta alboratzera Urkullu lehendakariari erantzunez erabilitako “gerra” zein beste hitz “zakar eta deskalifikatzaile, harreman instituzional zibilizatu bati ez dagozkionak”.