argia.eus
INPRIMATU
Ertzainak Gernikako bloke okupatura indarrez sartu dira eta bi pertsona atxilotu dituzte
  • EZTENA taldeak prentsaurreko bidez salatu du astearte goizean Gernikan orain hiru astetatik okupatuta daukaten blokera sartu direla ertzainak, blokearen jabea eta ere abokatua. Bi pertsona atxilotu dituzte, ertzainekin “eztabaida” izan ondoren.

Maddi Txintxurreta @mtxintxurreta 2018ko apirilaren 18a
Gernikako bloke okupatua (Arg: @EgurreGazte)

Atariko sarraila aldatu dute, EZTENAren arabera “ilegalki”, esanez ez dutela horretarako baimenik behar, “ez delako desalojoa”. Sarraila aldatzeaz gain, blokean kamerak, alarmak eta sentsoreak jarri dituztela salatu dute.

Arratsalean, EZTENAko kide batek ertzainekin liskarra izan du, eta atxilotu egin dute. “Balkoian atxilotu dute, bere segurtasuna kontuan izan gabe, behera erortzeko arriskua baitzuen. Indarrez atera dute bloketik eta jarrera harroputz batekin autoan sartu”, azaldu dute prentsaurrekoan.

Beste pertsona bat ere atxilotu dute. EZTENAren hitzetan, “bortizkeria osoz atera dute ataritik, eskuburdinak jarrita, ia hezurrak puskatzeko adinako indarrarekin”.

EZTENA herri mailako proiektu autogestionatu eta anitza da. Hainbat proiektu barnebiltzen ditu, “langile klaseak dituen beharrizanak asetzeko eta berau antolatzeko”. Horretarako, biltegi bat, jantoki sozial bat, etxebizitzak, eta bestelako espazioak zabaldu dituzte Gernikan okupatutako blokean.