argia.eus
INPRIMATU
Ertzainak gazteen aurka neurriz kanpo aritzea salatu dute Legazpin
  • Kale-zurrutean ari zirela argudiatuta, 21:00ak aldera kalean zeuden gazteen aurkako operazioa burutu zuen Ertzaintzak pasa den larunbatean, Legazpin. Operazioaren ondorioz gazte bat atxilotu zuten eta esku-hartzea “biolentoa eta neurriz kanpokoa” izan zela salatu dute herriko gazte eta guraso ugarik.

ARGIA @argia 2021eko apirilaren 20a
Eitb

19 urteko gazte bat atxilotu eta Bergarako komisaldegian pasa zuen gaua. Poliziaren arabera, ez zuen bere burua identifikatu nahi izan eta oldartu egin zitzaien ertzainei; “autoritatearen kontrako erasoa” leporatu zioten. Aldiz, lekukoek salatu dute gezurra dela bertsio hori, gaztea ez zela gainera zurrutean ari eta neurriz kanpoko indarrez aritu zela Polizia.

Hori salatzeko, elkarretaratzea egin dute astelehen honetan Legazpiko gazte eta guraso ugarik. Pandemia garaiotan kalean den jendearen kontra Poliziak izan dituen esku-hartze bat baino gehiago salatu izan dute beste herri batzuetan ere.

Naiz Irratian aipatu dutenez, “beldurgarria izan zen larunbatekoa, Ertzaintzaren hariak maneiatzen dituztenei hausnarketa egiteko eskatzen diegu”.