argia.eus
INPRIMATU
Ertzain bati arma partikularra lapurtu dion gizon baten bila ari da Polizia
  • Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu den Josu Erkorekaren arabera, ustezko lapurrak aurrekariak ditu indarkeria matxistagatik, eta bere bikotekide ohia babesteko neurri bereziak ezarri ditu Ertzaintzak. Bilaketa eremua Barakaldotik harago zabaltzea erabaki dute.

Izaro Villarreal Lauroba 2023ko azaroaren 20a
Ertzaintzaren bilaketa lanak, Barakaldon // Argazkia: EITB

Larunbatetik dihardu Ertzaintzak Barakaldoko (Bizkaia) ertzain bati arma partikular bat lapurtu dion gizon baten bila. Oraindik lapurreta ikertzen ari badira ere, Josu Erkorekak Radio Euskadin adierazi du gizona ertzainaren etxebizitzan sartu eta etxean zuen bizkar zorro bat eraman duela. Haren barruan zegoen ertzainaren arma partikularra.

Kasuak “konplexutasun berezia” duela adierazi du Erkorekak, ustezko lapurrak aurrekariak baititu indarkeria matxistagatik. Horregatik, bikotekide ohia babesteko zaintza eta babes neurriak indartu behar izan ditu Ertzaintzak eta bilaketa dispositibo handia zabaldu dute herrian zehar.

Barakaldo inguruetan ari dira gizonezkoaren bila. Azken berrien arabera, igandean Zubileta kalean aurkitu dute ertzainaren bizkar zorroa, baina arma ez zegoen barruan. Hori dela eta zabaldu egin dituzte bilaketa lanak.