argia.eus
INPRIMATU
Ertzain baten partetik gazte batek Donostian jasandako hizkuntza eskubideen urraketa salatu du Ernaik
  • Identifikatzen ari zen gazte bati "gazteleraz egiteko betebeharra duzu zure nortasun agirian Espainia jartzen duelako" esan zion ertzain batek asteartean Donostian, Ernairen Hispanitatearen egunaren aurkako mobilizazioaren ostean. Gertatutakoa salatu du gazte antolakundeak, sare sozialetan bideo bat zabalduz.

ARGIA @argia 2021eko urriaren 13a
@ernaidonostia-k zabaldutako bideoaren zati bat

Asteartean Hispanitatearen aurkako mobilizazioa egin zuen Ernai gazte antolakundeak Donostian. Sare sozialetan salatu dutenez, manifestazioaren ostean hiru gazte identifikatu zituen Ertzaintzak.

Identifikazioa eskatzerakoan euskaraz egiteko eskatu zion gazteak ertzainetako bati, euskarazko atentzioa jasotzeko eskubidea duela esatez, eta agenteak "bai, baina gazteleraz egiteko betebeharra duzu zure nortasun agirian Espainia jartzen duelako" erantzun zion. Elkarrizketa erakusten duen bideoa argitaratu du Ernai Donostiak, identifikazioak eta hizkuntza eskubideen urraketa salatuz.

Halakoak gertatzen diren lehen aldia ez dela nabarmendu du gazte antolakundeak.