argia.eus
INPRIMATU
Ertzain baten kontrako salaketa ikertzen ari dira, zerbitzuz kanpo arma batekin gazte talde bat mehatxatzeagatik
  • Polizia ez zegoen lanean ustezko gertakaria jazo zenean.

Aiaraldea @aiaraldea 2025eko urtarrilaren 15
Ertzaintza

Ertzaintzaren prentsa bulegoak berretsi duenez, agente bat ikertzen ari dira arma batekin mehatxuak egiteagatik zerbitzuan ez zegoen bitartean. Gertakaria ostiral gauean izan ziren Amurrion.

Aiaraldea Komunikabidea poliziarekin jarri da harremanetan Vocento taldeak argitaratutako albiste baten harira. Segurtasun Sailak, dena den, zuzendu du egunkariak argitaratutako informazioa eta adierazi du ustezko liskarra ez zela Laudion izan, baizik eta Amurrion.

Arma atera zuen ertzainak

Vocento taldeak zabaldutakoaren arabera, ostiral gauean gazte batzuen autoa landa eremuan geratu zen harrapatuta lokatzean. Antza, bere etxe kanpoan zegoen zarata entzunda, gertu bizi den ertzaina kalera atera zen.

Dirudienez, poliziak argazkiak egin zizkien han zeuden autoen matrikulei eta gazteen eta gizonaren artean talka gertatu zen. Vocentok plazaratu duenez, ertzainak arma atera eta kargatu zuen eta gazte bat jo zuen. Auto batean ere kalteak sortzea leporatu diote gazteek.

Unean bertan 112 telefonora deitzeaz gain, Laudioko Ertzain Etxean ere salaketa egin zuen gazte taldeak, eta lesioen parte bat aurkeztu zuten. Ertzaintzaren prentsa bulegoak mehatxuak egitea ikertzen ari dela berretsi badu ere, egunkariak aipatu du lesioak eta kalteak ere egotzi dizkiotela.