argia.eus
INPRIMATU
Bideo batek erakutsi du ertzain batek ostikoa jo ziola ustez foam jaurtigailu batekin larri zauritutako realzaleari
  • Lurrean zela, polizia batek Realeko zaleari ostikoa jo ziola ikus liteke Ertzaintzak bere ikerketan erabilitako bideoetako batean, Noticias de Gipuzkoa-k zabaldu duenez. Martxoan, Realaren eta PSGren arteko Donostiako futbol partidaren testuinguruan izandako istiluetan zauritu zuten oso larri 44 urteko emakumea, ustez foam jaurtigailu batekin.

ARGIA @argia 2024ko ekainaren 26a

Erasoa jasan eta hiru hilabete geroago, oraindik ez da argitu Realaren eta Paris Saint Germainen arteko futbol partidan zauritutako zaleari zer gertatu zitzaion.

Martxoaren 5ean Reale Arena estadioaren inguruetan mugikorraren estaldura bila ari zenean, bat batean, Ertzaintzaren karga baten erdian aurkitu zen Amaya Zabarte 44 urteko zalea; kolpe gogor bat nabaritu zuen buruan, dirudienez foam jaurtigai batek jota. Kolpeak odol isuria eragin zion eta denbora luzez ZIUn ingresatu behar izan zuten egoera larrian.

Auzia daraman epaileak kasua artxibatu egin zuen maiatzean, erasoaren "egile ezagunik" ez dagoela argudiatuta. Bestalde, familiak salatu zuen abian jarritako barne ikerketan Ertzaintzak ez zuela urrats gehiago eman gertaturikoa argitzeko. Hortik gutxira Ertzaintzak berak ikerketa horren ondorioak filtratu zituen El Diario Vasco egunkarian. Bere hitzetan, kolpea ez zuen foam jaurtigailu batek eragin.

Orain, Noticias de Gipuzkoa-k Ertzaintzak bere ikerketarako erabilitako bideoetako bat eskuratu du eta bertan ikus liteke zalearen kontakizunak bat egiten duela irudiekin: ertzainek kargatzerakoan, Zabarte lurrera bat batean erortzen da, eta zutitu ondoren, pantailaren ezkerrealdean goian ikus daiteke nola ertzain batekin estropozu egin eta lurrera berriz erortzean, agenteak ostikoa jotzen diola itxura guztien arabera, egunkari horrek ondorioztatu duenez.