Iñigo Cabacasen heriotza eragin zuen gauean polizia operazioan zegoen ertzainetako batek, auzitegian eman beharreko testigantza adosteko Eusko Jaurlaritzako abokatuekin eta Ertzaintzako nagusiekin bildu zela aitortu du.
Ertzainak protagonista izan dira protagonista asteazkeneko saioan; 7422 zenbakidun agentearen deklarazioak markatu du arratsaldeko saioa.
Aurretik deklaratu zuten beste agenteen bide beretik zihoan testigantzak, 180 graduko bira eman zuen akusazio partikularrak deklarazioa adosteko Eusko Jaurlaritzako abokatuekin edo Ertzaintzako nagusiekin bildu zen galdetu ziotenean. Lekukoak baiezko erantzuna emanik amaitu zuen bere txanda.
Auzitegian presente zeuden pertsonak zur eta lur gelditu arren, bat baino gehiagok susmatu zuen ordurako lekukoek deklarazioetan egia esateko betebeharra ez zirela betetzen ari: Inork ez zuen agintaririk entzun tiro egiteko agindua ematen; pilotak jaurti aurretik ohartarazpen oharrak eman zutela esan zuten denek; eta apenas ikusi zuten inor tiro egiten.
Egun osoan deklaratu zuten ertzainen bertsioen antzekotasunak ere epaimahaiko kideen arreta deitu zuen hasieratik.