Ertzaintzak ertzain bat atxilotu du, hiru pertsona hiltzen saiatzea egotzita. Agentea lan orduetatik kanpo zegoen, eta deklaratu zuen bere buruaren defentsan egin ziela tiro furgonetan zihoazen ustezko hiru lapurri. Ertzaintzaren ikerketaren arabera, gezurra da deklaratu duena.
Uztailaren 21ean gertatu zen homizidio saiakera. Lan orduetatik kanpo zegoen ertzain batek esan zuen Trebiñuko bere etxean lapurretan egiten harrapatu zituela hiru pertsona. Ihesean irten zirenean, ertzainak adierazi zuen furgonetaren matrikula ikusi eta bere ibilgailuan bilatzen hasi zela. Zaldiaran mendian aurkitu zituela esan zuen. Orduan, hiru pertsona horiek furgonetarekin bera harrapatzen saiatu zirela adierazi zuen ertzainak eta horregatik tirokatu behar izan zituela. Azkenik, pertsona horietako bat atxikitzea lortu zuen eta beste biek ihes egin zuten.
Ertzaintzak ondoren ikertu duenarekin ez dator bat zerbitzuz kanpo zegoen ertzainak deklaratutakoa. “Agenteak lapurrak tirokatu zituen ibilgailuan ihesean zihoazela, horiek inongo momentuan ez ziren ertzaina harrapatzen saiatu”, argitu du Segurtasun Sailak.
Froga horien ondorioz, asteazkenean atxilotu dute ertzaina eta hiru homizidio delitu egotzi diote. Atxilotua datozen orduetan eramango dute epailearen aurrera.