argia.eus
INPRIMATU
Ertzain bat atxilotu dute narkotrafikoarekin lotuta, ez da lehen kasua
  • Ertzain bat atxilotu dute ostegunean, ustez droga-trafikoan aritzeagatik. Bere etxean 54 kilo kokaina atzeman dituzte. Ez da lehen aldia EAEko poliziako kideak narkotrafikoarekin nahasita harrapatu dituztenak.

ARGIA @argia 2022ko irailaren 30a
Ertzaintzak oraingoan ez du zabaldu atzemandakoaren argazkirik. Argazkian, uztailean Ertzaintzak beste operazio batean atzeman zituen 50 kilo kokaina.

Lakuako Segurtasun Departamentuak informatu duenez, eta Europa Press agentziak jaso, Bilboko ertzain-etxean destinatutako agentea da ostegunean atxilotu dutena narkotrafikoaren aurkako Ertzaintzaren operazioan.

Naizek nabarmendu duen bezala, oraingo honetan ez dute aurkitutakoaren argazkirik zabaldu –drogaren aurkako beste operazio batzuetan egiten duten bezala– eta ertzain horrek etxean zituen 54 kilo kokainaren balioa hiru milioi eurokoa dela kalkulatzen da. Ikerketa zabalik dago.

Iraganari errepasoa

Ez da lehen aldia Ertzaintzako agente batzuk narkotrafikoan sartuta harrapatu dituztena. Ahoztar Zelaieta kazetariak sare sozialetan datu ugari eman ditu hari honetan.

Iazko ekainean, ikatz bejetal zakuetan ezkutatutako 862 kilo kokainaren operazioan ertzain bat atxilotu zuten "narkotrafikatzaile bilbotar historiko" batekin batera. Espainiako Gaztela eta Leon probintzian sekula aurkitutako droga kopuru handiena kartel mexikar eta kolonbiarren bidez heldu zen, eta Euskal Herrira eraman eta han saltzea zen beren helburua.

2015ean narkrotrafikoan ari zen talde baten buru izatea egotzita ertzain bat atxilotu zuten. Bi kilo kokaina atzeman zizkioten.

2014an ertzain bat atxilotu zuten 900 marihuana landare konfiskatzeko operazioan. Bi urte lehenago, 2012an, beste ertzain bat atxilotu zuten 650 marihuana landare konfiskatzeko operazioan.

2008an narkotrafiko sare baten buru izatea egotzita beste ertzain bat atxilotu zuten eta horri ere bi kilo kokaina atzeman zizkioten. Urte berean, ertzain-ohi bat atxilotu zuten, diskoteketan droga saltzen zuen talde baten buru zelakoan. Kilo eta erdi kokaina eta kilo erdi speed atzeman zizkioten.

2006an bi ertzain atxilotu zituzten, narkotrafiko sare bateko kide zirela egotzita; drogen aurkako unitateko burua zen bietako bat. Operazio horretan orain arteko speed kopuru handiena atzeman zuten: 95 kilo, narkotrafikatzaileen banda bati lapurtuak.

1998an, beste ertzain bat atxilotu zuten nazioarteko narkotrafiko banda baten buru zelakoan. 21 kilo kokaina, 12.900 estasi pilula eta 700 dosi LSD atzeman zizkioten.

90eko hamarkadaren erdialdean, zenbait ertzain Gasteizko epaitegian prozesatu zituzten, narkotrafikoan atxilotutakoak delituak egitera bultzatzera egotzita. Eta 90eko hamarkadaren hasieran, Guardia Zibilaren Noeren Arka izeneko operazioan bi ertzain narkotrafiko sare batekin lotu zituzten.

1988an hiru ertzain atxilotu zituzten narkotrafiko talde bateko kide zirelakoan eta hiru kilo kokaina atzeman zizkieten.