argia.eus
INPRIMATU
Errusiari zigor gehiago eta Ukrainari arma gehiago emango dizkio Europar Batasunak
  • Europar Batasuneko delegazio batek, Ursula von der Leyen eta Josep Borrell tartean, Zelenski bisitatu zuten atzo Kieven, eta neurri berriak iragarri dituzte.

IƱaut Gonzalez de Matauko Rada @inautogdm 2022ko apirilaren 09a
Ursula von der Leyen eta Zelenski, Kieven.

Zelenskiri egindako bisitaren ostean, Europar Batasunak Errusiaren aurkako zigor berriak iragarri ditu, eta Ukrainari armamentuan 500 milioi euro gehiago emango dizkietela gehitu dute: "Ukrainako armadari 500 milioi euro gehiago emango dizkiogu, bere herrialdea eta jendea defendatzeko", diote.

Horrez gain, Errusiaren aurkako bosgarren zigor paketea onartuko dutela adierazi du von der Leyenek; pakete honen neurri nagusia Errusiako ikatzaren debekua da. Europar Batasuneko herrialdeek ezingo dute Errusiako ikatzik inportatu; Errusiaren esportazioen laurdena da hau, urtean 8.000 milioi euro inguru.

Finantza munduaren aurkako neurriak ere hartu dituzte, nazioarteko trantsakzio asko debekatuz. Bestalde, Errusiako eta Bielorrusiako merkantziak dakartzaten garraiolariei muga gurutzatzea debekatuko zaie, nahiz eta oinarrizko produktuak dakartzaten garraiolariei pasatzen utziko zaien.

Produktu zehatz askoren esportazioa ere debekatuko zaie EBeko herrialdeei; hala nola, konputazio kuantikoko produktuak, aurreratutako erdieroaleak, produktu kimikoak eta makineria sentsiblea.

Ukraina EBean sartzeko lehen urratsak

Errusiari zigor gehiago jartzeaz gain, eta Ukrainako armadari arma gehiago emateaz gain, Ukraina Europar Batasunean sartzeko lehen urratsa ere eman dute Zelenskik eta von der Leyenek Kieven. Europako Komisioaren presidenteak Ukrainako agintariek bete beharreko txosten bat eman dio Zelenskiri, Ukrainak EBean sartzeko hautagai estatusa jasotzeko, ondoren integrazio prozesuari ekiteko.