argia.eus
INPRIMATU
Aurrerapenak negoziaketetan, Turkiak asteartean adierazi duenez
  • Errusiak Kieven eta Chernigoven jarduera militarra "drastikoki jaitsiko" duela adierazi du, elkarren arteko konfiantza handitzeko, baita ez duela oztopatuko Ukraina Europar Batasunean sartzea ere. Turkiak dio bi aldeak gerturatu egin direla, eta "aurrerapauso handia" eman dutela gehitu du.

IƱaut Gonzalez de Matauko Rada @inautogdm 2022ko martxoaren 29a
Gaurko negoziaketa jardunaldiak Istanbulen. (Argazkia: Recep Tayyip Erdogan)

Ukrainaren eta Errusiaren arteko bake negoziaketetan "aurrerapauso nabarmena" eman dutela adierazi du Turkiak, Istanbulen egindako negoziaketa jardunaldiaren ostean. Negoziaketen ostean, Errusiako ordezkariek prentsaurrekoa egin dute, eta xehetasun batzuk eman dituzte.

Erabaki nagusienetariko bat iparraldeko frontean jarduera militarra "drastikoki jaistea" da; Kievetik eta Chernigovetik tropak ateratzen hasiko da Errusia, etorkizuneko bake akordioa bultzatuko duen bi aldeen arteko konfiantza handitzeko. Hala ere, Errusiako ordezkariek azpimarratu dute jarduera militarraren jaitsiera hau ez dela su-eten bat.

Bestalde, Errusiako ordezkariek adierazi dute ez direla oztopo izango Ukraina Europar Batasunean sartzeko prozesuan; Ukrainak zuen eskakizun garrantzitsuenetariko bat da hau. Horrez gain, Ukrainak uko egingo dio NATOn sartzeari, baina horren aurrean Ukrainarentzako nazioarteko segurtasun akordio bat eskatuko du. Gainera, Ukrainak atzerriko herrialdeen base militarrik edukiko ez duela onartu du, baita arma nuklearrik gabeko herrialdea izaten jarraituko duela ere.

Hala ere, Ukrainako ordezkaritzak adierazi du segurtasun akordio bat sinatzeko, aurretik Errusiako tropa guztiek Ukraina utzi beharko luketela.

Atzerriko herrialdeen papera

Akordioan herrialde bermatzaile batzuk egotea proposatu dute; Ukrainaren proposamena ondorengo herrialdeek osatzen dute: Turkia, AEBak, Erresuma Batua, Italia, Kanada, Frantzia, Polonia, Israel, Txina eta Errusia. Zein izango da, baina, herrialde hauen funtzioa?

Lehenik eta behin, etorkizun batean Errusiak berriro Ukraina erasotzen badu, herrialde hauek militarki erantzuteko aukera izango dute, baita armak emateko eta Ukrainako aire espazioa ixteko aukera ere.

Bestalde, herrialde hauen parlamentuek bake akordioa berretsi beharko dute, ukrainarrek erreferendumean berretsi ostean.

Lurraldetasuna, puntu gatazkatsuena

Krimearen eta Donbassen lurraldetasunaren inguruko puntuak negoziaketetako zailenak ari dira izaten. Errusiak Krimearen anexioa onartua izatea eta Donetsk eta Luhansken independentzia onartzea nahi duen bitartean, Ukrainak ez ditu beretzat jotzen dituen lur horiek galdu nahi.

Krimearen etorkizunaren inguruan, Ukrainak datorren hamabost urteetan Krimearen auzia bide militarrez ez konpontzeko konpromisoa hartu du; bestalde, Luhansken eta Donetsken etorkizuna Putinek eta Zelenskik adostuko dute.

Putin-Zelenski bilera, gertu

Turkiaren arabera, negoziaketetan ematen ari diren aurrerapauso hauek Putinen eta Zelenskiren arteko zuzeneko bilera bat ekarri dezakete.