argia.eus
INPRIMATU
Errusiar soldaduak hiltzera deitzen duten mezuak baimenduko dituzte Facebook eta Instagramek
  • Meta plataformak (zeinaren baitan dauden Facebook, Instagram, WhatsApp eta hauen ondorengo beste hainbat) soldadu errusiarren aurkako indarkeria sustatzen utziko die Facebook eta Instagrameko hamabi herrialdetako erabiltzaileei, Reuters agentziak jakitera eman duenez. Errusiako eta Bielorrusiako lehendakarien heriotza eskatzen duten hainbat argitalpen ere baimendu dituzte. Horrekin batera, Ukrainako bolondres neonaziak batzen dituen eskuin muturreko Azov Batailoia goresten duten mezuak baimenduko ditu.

ARGIA @argia 2022ko martxoaren 11

Reutersek dio Meta barneko hainbat posta elektroniko ikusi ahal izan dituela, eta hauetan irakur daitekeela gorrotoa sustatzearen politika aldi baterako aldatu dutela: "Kontzesio bat egiten ari gara indarkeriazko diskurtso bat baimentzeko, bestela Gorrotozko Diskurtsoaren politikaren baitan ezabatu egin beharko litzatekeena. Egoera hauetan baimenduko dira indarkeriazko diskurtsoak: soldadu errusiarren kontrakoak direnean, gerrako atxilotuak salbu; eta errusiarren kontrakoa denean baina argi dagoenean testuingurua Ukrainako inbasioa dela (adibidez, mezuak inbasioa aipatzen duenean, autodefentsa eta abar)". Posta elektroniko honek aurrerago dio: "Hau egiten dugu, ikusten dugulako testuinguru zehatz honetan 'soldadu errusiarrak' hitza erabiltzen dela ejerzito errusiarren ordezkariak izendatzeko. Gorrotoaren Diskurtsoaren politikak jarraitzen du errusiarren aurkako erasoak debekatzen".

Errusiako lehendakari Vladimir Putinen heriotza edo Bielorrusiako Alexander Lukashenkorena eskatzen duten hainbat argitalpen baimendu egin ditu sare sozialetako enpresa honek, edukiak moderatzeaz arduratzen direnei bidalitako hainbat barne posta elektronikotan Reutersek ikusi ahal izan duenaren arabera.

Errusiako enbaxadak Twitterren irizpide aldaketa hau salatu du, adieraziz "Facebook eta Instagrameko erabiltzaileek ez dietela plataforma hauetako jabeei baimenik eman egiaren irizpideak erabakitzeko eta herriak elkarren aurka jartzeko":

Errusiar soldaduen kontrako indarkeria sustatuko duten mezuak herrialde hauetan zabaltzea onartu du Meta plataformak: Armenia, Azerbaijan, Estonia, Georgia, Hungaria, Letonia, Lituania, Polonia, Errumania, Errusia, Eslovakia eta Ukraina.

Ukrainako neonaziak gorestea baimendu du Metak

Reuters agentziak aipatzen dituen posta elektronikoetan, Metak adierazten du Ukrainako bolondres neonaziak biltzen dituen eskuin muturreko Azov batailoia goresteko mezuak baimenduko dituela. Metako bozeramaileak lehango ere aiupatu zuen oraingoz, salbuespen txiki bat egiten ari direla "Azov erregimentua goresteko, Ukrainako defentsa testuinguruan soilik, edo Ukrainako Guardia Nazionalaren zati den heinean soilik".

Meta plataformak Errusiako Russia Today eta Sputnik hedabideak bere sare sozialetatik kanporatu ditu berriki (Axier Lopezek kontatua du artikulu honetan).