argia.eus
INPRIMATU
Errusian sartzea galdeginez erreferendumak egingo dituzte Donbass, Kherson eta Zaporizhiak
  • Irailaren 23tik 27ra egingo dituzte erreferendumak, herritarrei galdetzeko ea sartuko liratekeen Errusiako Federazioan. Ukrainak Errusiaren xantaiatzat jo du ekimena. Putinek erreferendumak babestuko dituela adierazi du, eta horrekin batera, asteazkenean 300.000 militar ohi Ukrainan aritzera deituko dituela ere jakinarazi du.

ARGIA @argia 2022ko irailaren 21

Azken asteetan Ukrainak areagotu egin ditu erasoak herrialdeko ipar-ekialdean eta hegoaldean, Errusiak mendean hartutako eremuetan, horien gaineko kontrola berreskuratu asmoz. Egoera horretan, Donbass, Kherson eta Zaporizhiak erabaki dute erreferenduma egitea irailaren 23a eta 27a bitartean. Herritarrei galdetuko diete ea Errusiako Federazioan sartu nahiko luketen. Ukrainako lurraldearen %15a osatzen dute Errusiarekin bat egitea planteatuko duten lau lurraldeek.

Astelehenean onartu zuten erreferenduma egitea Donbassen baitako Donetsk eta Luhansk-eko herri errepubliketako legebiltzarrek. Asteartean ekimenarekin bat egin zuen lehenbizi Khersonek, eta ostean Zaporizhiak. Azken lurralde horretako errusiar administrari Vladimir Rogov-ek hala adierazi du: “Segurtasun baldintza idealak ez dira existitzen. Zenbat eta lehenago pasa Errusia izatera, orduan eta bizkorrago izango dugu bakea”.

Erreferendumean baiezkoa gailenduz gero, emaitza ahalik eta bizkorren aintzat hartzeko eskatu dio Denis Puxilin Donetsk-eko herri errepublikako presidenteak Vladimir Putin Errusiako presidenteari. Errusiak begi onez hartu du erreferendum erabakia. Beren etorkizuna erabakitzea lurraldeei dagokiela, hori hasieratik defendatu duten zerbait dela adierazi du Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak. Eta gehitu du: “Egungo egoerak baieztatzen du beren etorkizunaren jabe izan nahi dutela”.

Ukrainak, aldiz, “xantaia” gisa irakurri du erreferenduma egiteko erabakia, eta Errusiak porrotari dion beldurrarekin lotura duela adierazi du. Ezer aldatuko ez duten “sasi-erreferendumak” besterik ez direla izango adierazi du Ukrainako Atzerri ministro Dmitro Kulebak.

Putinek egindako azken adierazpenetan erreferendumak babestuko dituela adierazi du: “Gure esku dagoen guztia egingo dugu erreferendumak burutzeko segurtasun neurriak egon daitezen, eta herriak bere borondatea adierazi dezan”. Adierazpenok egin dituen hitzartzean bertan, jakinarazi du mobilizazio militarra abiatuko duela asteazkenean, armadan aritutako 300.000 militar ohi Ukrainan aritzera deituz “aberria babesteko, bere burujabetza eta lurralde osotasuna, eta gure herritarren segurtasuna”.