argia.eus
INPRIMATU
Errusiako zentral nuklearren batek istripua izan eta Rutenio-106 erradioaktiboa hedatu du Europan
  • Errusiak dio bere ezein zentral atomikok ez duela matxurarik izan, baina Frantzia eta Alemaniako segurtasun nuklearreko agentziek erakutsi dute handik iritsi dela Europan zehar urri hasieran hedatu den laino kutsakorra, Rutenio-106 zeraman. Publiko zabalaren oharkabean pasa den arren, erradioaktibatearen arriskuez okupatzen diren erakundeek ohartarazi dute arriskuaren larriaz.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2017ko azaroaren 17a
Europan aurkitutako Rutenio-106 arrastoen mapak erakusten du adituentzat Errrusiako Txeliabinsk eta Sverdlovsk eskualdeetako zentralen batean gertatu dela isuria. (Irudia: IRSN)

Rutenio-106 isotopo erradioaktiboa ez da naturan aurkitzen, fisio nuklearretan –izan bonba atomiko baten leherketa edo zentral nuklearretako konbustio– sortzen da; bere desintegrazioan Rodio-106 sorrarazten du. Frantziako atmosferan Rutenio-106 hauteman zutela urriaren 4an eman zuen jakitera  segurtasun nuklearraren ardura daraman IRSN erakundeak. Europako beste lekuetan aurkitutako arrastoetan ikertuz IRSNk osatu zuen kalkuluen arabera erradiazioak harrapatutako eremuen mapa, eta ondorioztatu Errusia eta Kazakhstan arteko eskualde batean zuela sorburua.

Fukushima bloga egiten duen Pierre Fetet adituak identifikatu ditu Rutenio-106 isuria gertatu ahal izan zaien zentral nuklearrak: Lesnoi, Novouralsk, Snezhinsk, Ozyorks eta Tryokhgorny hiriak dira susmagarriak, denak ere Errusiako estatuak instalazio atomikoak edukitzeagatik zorrozki kontrolatutako “hiri itxiak”.

Fukushima blogean Pierre Fetet energia atomikoan adituak
Ural mendien hegoaldeko hiri "itxi" edo "seketru" hauetako
batean kokatu du Rutenio-106 kutsaduraren iturburua.

Europako agintariek bertsio ofizialean dioten arren herritarren osasunarentzako arriskurik ez dakarrela iraileko Rutenio-106 isurketak, CRIIRAD Erradioaktibitateari buruzko Ikerketa eta Informazio Independenterako Batzordeak uste du kezkatzeko arrazoiak badirela. Alde batetik, neurketek salatutako isurketa izugarri handia –colosal dio frantsesez oharrean– izan delako: “300 Terabecquereleko Rutenio-106 isuria, konparatzen hasita, Cruasko zentral nuklearrari [4 erreaktore, denetara 3.600 megawatt, edo Garoña bider 8] urtean baimentzen zaiona bider 375.000 adinakoa da”.

ISRNk berak konparazio honekin argitu du gertatu bide den istripuaren ustezko tamaina: "Isuri diren kopuruak ikusirik, hein bereko istripu batek Frantziak eragingo zuen gertatutako gunearen inguruan kilometro batzuetako erradioan herritarrak kanporatzea. Elikagaiei dagokienez, isuria gertatu den lekutik dozena batzuk kilometroko erradioan ekoiztuek gainditu egingo lukete gehienez onar dakiekeen kutsadura maila". Alegia, hor ekoiztutako esne eta barazkiak jatea debekatu beharko luketela agintariek.

Bigarren arazo larria da kutsaduraren iturburua segurutzat ematen den eremuko arduradunak, Errusiako gobernuak, ez duela aitortu inolako istripurik bere zentral nuklearretan. Ondoko egunetan ezagutu beharko da xehetasun gehiago, hori seguru.