argia.eus
INPRIMATU
Errusiak nazien gaineko garaipenaren 75. urteurren ospakizunak laburtuko ditu
  • Errusiak larunbat honetan, maiatzak 9, ospatzen du Armada Sobietarrak Alemania naziari gerra irabazi zioneko 75. urteurrena, baina koronabirus izurriaren hedatzeak behartu du ospakizunak murriztera.

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 09a
Argazkia: 2018ko ospakizunak. G. Images

Aurreko urteetan Vladimir Putin urteko desfile nagusiaren buruzagitzan azaldu ohi zen, munduko beste zenbait lider aldamenean zituela Errusiako armadaren tankeen eta militarren desfilea Plaza Gorrian nola gauzatzen zen begira. Aurtengoan Putinek herritarrei adierazi die Garaipen Eguna sakratua den arren errusiarrentza, munduak bizi duen pandemiarekin horrelako ospakizun publikoa burutzea arriskutsuegia zela eta ekitaldi nagusia mugatu du Kremlin aurrean egingo duen lore eskaintza eta hitzaldira.

Hala ere, Errusiako bazter guztietan jaurtiko dituzte su artifizialak eta ziento erdi bat hiritan airean ikusiko dituzte hegan gerra hegazkinak, Siriako basetik espreski etorriak barne, erreaktore eta helikptero erakustaldi handi batean.

Aldiz, aurtengoz egin gabe geratuko dira herrialde osoan zehar urtero ikusten diren manifestazio handiak, Errusiako herritarren artean oroimen historikoa bizirik atxikitzen laguntzen dutenak.

Asko aipatu da egunotan Errusian COVID-19ak hartu duen indarra, baina komeni da zenbakiak testuinguruan ongi kokatzea. Maiatzaren 9a arte Errusian zenbatu dira 187.859 kutsatu (ofizialki aitortuak, testeaturik positibo emanak) eta 1.723 heriotza. Munduan kasu kopuruetan 5. dagoen arren, heriotza kopuruetan 18. dago eta milioi bateko heriotzetan askoz ere atzerago, milioi biztanleko 12 heriotza baizik ez dauzkanez.

Alderatu Euskal Herriko datuekin: heriotza gehiagorekin (1.884) ofizialki kutsatuta ez dauzkagu 24.658 baino, eta milioi 1 biztanleko 588 hil zaizkigu. Frantziarekin ere aldera genezake Errusia: antzeko kutsatu kopuru batekin (176.079) askoz heriotza gehiago dauzka (26.230). Azken finean, harrigarria da orain arte eduki duten heriotza kopuruarekin zein test kopuru handia egiteko gai izan diren Errusian: 100 positibo errusiarretan heriotzak apenas iristen diren 1era (%0,91). Euskal Herrian, 100 positiborentzako 7,5 hil dira eta Frantzian 14,8.

Arazoak arazo, Errusiak erakustaldi galanta eman digu Mendebalari COVID-19 susmagarriak era masiboan testeatzeari dagokionez.