argia.eus
INPRIMATU
Istripu nuklearra Europan
Errusiak lehenbizikoz aitortu du irail amaierako kutsadura erradioaktibo handia
  • Istripua gertatu eta ia bi hilabete behar izan ditu Errusiako erakunde batek (Rosguidromet meteorologia agentziak) onartzeko normalean baino 1.000 bider handiagoko Rutenio-106 kopuruak aurkitu dituela Txeliabinsk eskualdean, Uraletan, “oso kutsadura larria” bere hitzetan. Alarma areagotzen ari da Europa osoan.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2017ko azaroaren 21
Langileak Errusiako Maiak faktorian erregai nuklearrak manipulatzen. (Argazkia: Deutsche Welle)

Azaroaren 21eko goizean zabaldu dute agentziek: “Rosguidromet meteorologia zerbitzuak asteartean esan du Ural mendietan neurtu dutela ohikoa baino 1.000 bider handiagoa den kutsadura, isotopo erradioaktibo batek eragina. Istripuren bat gertatu dela iradokiz Errusiak eskaintzen duen lehenbiziko datua da. Badirudi datuak berresten duela IRSN nuklear segurtasuneko agentzia frantziarrak aurretik iragarritakoa; hark azaroaren 9an esan zuen laino erradioaktibo bat zegoela Europa gainean, zeinak adierazten duen irailaren azken astean istripuren bat gertatua dela Errusiako edo Kazakhstango lantegi nuklearren batean”.

Oraindik ez Errusiak eta ez Kazakhstanek onartu ez duten arren inolako istripurik bere instalazioetan, adituen begiak gero eta gehiago Txeliabinsk eskualdeko Maiak konplexu nuklear erraldoiari begira daude, Rosguidrometek kutsadura handiena hortik 30 kilometrora ezarritako estazio meteorologiko batean aurkitu duelako. Maiak korporazioak Txeliabinsken erregai nuklear erabiliak tratatu eta gai erradioaktibo berriak sortzen ditu, ikerketarako bezala medikuntzarako. Rosatom konpainia publikoaren Maiak usinak ekoizten ditu Errusiak esportatzen dituen isotopo erradioaktiboen erdiak.

1957an Maiak faktorian gertatu zen historiako istripu nuklear larriena. Euskarazko Wikipedian irakur daitekeenez, Maiakeko hozte sistemetako batek eztanda egin zuen eta bildutako erradioaktibitatearen erdia baino gehiago (Txernobylgo hondamendian baino gehiago) atmosferara irten zen. 1.000 kilometro koadro kutsatu ziren. Ehunka lagun hil ziren eta beste milaka batzuk ebakuatu zituzten, baina gehiengoa han utzi zuten. Azkenean, 272.000 pertsonak jasan zituzten Maiakeko erradiazioaren ondorioak. 60 urte beranduago, zerbait gertatu da berriro Txeliabinsken.