argia.eus
INPRIMATU
Errusiak eta AEBk Siriako gerra gelditzeko bake konferentzia egitea adostu dute
  • Errusiak eta AEBek Siriako gerra zibila geldiarazteko nazioarteko bake konferentzia egitea adostu dute. Moskun bildu dira asteartean Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroa eta John Kerry AEBetako estatu idazkaria, gaiaz eztabaidatzeko.

Lide Hernando @lidehernando 2013ko maiatzaren 08a
Lavrov eta Kerry asteartean Moskun egin zuten agerraldian (argazkia: Reuters)

Bake konferentzia hilabete honen amaieran egitea espero da. Bertara Bashar al-Assaden gobernuko ordezkariak eta haren kontrako indarren ordezkariak gonbidatu beharko lituzketela adostu dute bi herrialdeek. Bestalde, lehengo urtean Genevan hartutako erabakia aurrera eraman dadin saiatuko dira: Sirian trantsiziorako gobernu bat eraikitzea, hain zuzen.

Hainbat puntutan ezadostasunak daude bi herrialdeen artean, ordea. Trantsizio gobernu bat osatuz gero, AEBek al-Assad agintetik baztertu beharko litzatekeela esan dute orain arte, baina Kerryren hitzetan, hori siriarren erabakia izan beharko litzateke.

Bestalde, Lavrovek ez du erantzun zehatzik eman al-Assadekin zer gertatuko litzatekeen galdetu diotenean. Izan ere, Errusia betidanik agertu da Siriako gobernuaren alde, gatazkarako armak eskainiz.

“Negoziatutako konponbiderik aurkitu ezean, indarkeria areagotuko da. Siria amildegian eror liteke, krisi humanitarioa handitu, baita herrialda zatitu ere” esan du AEBetako estatu idazkariak.

“Eginkizuna orain Siriako goboernua eta kontrako talde guztiak mahai batean eserarazi eta negozioa bultzatzea da, baita Genevako komunikatua martxan jar dezaten konbentzitu ere”, gaineratu du Errusiako Atzerri ministroak.

70.000 pertsona baino gehiago hil dira dagoeneko Siriako gatazkan bi urteotan. Kerryk eta Lavrovek adierazi dutenez, Errusia eta AEBak beldur dira indarkeriak herrialdeko mugak gaindituko ez ote dituen; izan ere, Israelek airetik erasotu zuen Damasko ingurua igandean.