argia.eus
INPRIMATU
Errusiak erasoa eragotzi ahal izango du Siriak arma kimikoak ez suntsitu arren
  • Siriak arma kimikoak suntsitzeko modua adostu dute Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Batzordeko kideek. Hitzartu dutenez, Siriak bide-orria betetzen ez badu, eraso militarrarekin erantzun ahal izango zaio. Haatik, eraso militarra baimentzeko bozketa berri bat egin beharko du Segurtasun Batzordeak, eta beraz, Errusiak erasoa oztopatu ahal izango luke.

ARGIA @argia 2013ko irailaren 27a
Txina, Errusia, AEB, Erresuma Batua eta Frantziako ordezkariak, Ban Ki-Moon NBEko idazkari nagusiarekin. (Argazkia: elpais.com)

Txina, Errusia, Frantzia, AEB eta Erresuma Batua dira Segurtasun Batzordeko behin betiko kideak, eta haien arteko negoziaketen ondorio da Siriaren arma kimikoen aferari erantzuten dion txostena. Dokumentuak AEB eta Errusiaren artean adostutako plana du oinarri, eta onartu aurretik, Segurtasun Batzordeko gainontzeko 10 estatuek bozkatu beharko dute.

Bost estatuek adostu dutenez, NBEko ikuskatzaileek hilabeteko tartea izango dute Siriaren arma kimikoak aztertu eta zer suntsitu behar den zehazteko. Horrez gain, Al-Assadek gidatutako Gobernuak ezingo du arma kimikorik erabili, garatu, ekoitzi ez eta salerosi ere, “nazioarteko bakea eta segurtasuna” kolokan jarriko bailuke.