argia.eus
INPRIMATU
Errusiak dio Ukrainaren “eraso handi bat” atzera bota duela eta 250 soldadu ukrainar hil dituela
  • Donetsk-en izan behar zen "eraso handia", baina Errusiako tropek zapuztu dute, Errusiako Defentsa Ministerioaren esanetan. Ukrainak asteak daramatza esanez "kontraerasoa" egingo dutela, baina noiz izango den argitu gabe. Errusiak dioena "informazio faltsua" dela salatu du Kievek, eta estrategiaren parte dela ohartarazi du.

Leire Artola Arin 2023ko ekainaren 06a
Ukrainak ziurtatu du ez dutela iragarritako "kontraerasoa" hasi. Argazkia: Getty Images.

Nazioarteko zenbait aditu eta hedabidek baieztatu dutenez, Ukrainako gerrak eskalada izan du azken egunetan, eta erasoak gogortu dira. Ukrainako presidente Volodimir Zelenskyk asteak pasa ditu esanez “kontraerasoari” ekingo diotela, baina ez dutela zehaztuko noiz izango den. Bada, iturri batzuek diote jada hasi direla.

Astelehen goizean Errusiako Defentsa Ministerioak jakinarazi du Ukrainaren “erasoaldi handi bat” atzera bota dutela Donetsken, irailaz geroztik Errusiara anexionatuta dagoen lurraldean. Sergei Xoigu Errusiako Defentsa ministroaren esanetan, erasoa zapuztu dute, eta Ukrainako armadako 250 bat soldadu hil eta 16 tanke suntsitu dituzte, besteren artean. Kremlinen informazioaren arabera, ukrainar tropen helburua zen haien ustez zaurgarrienak diren fronteko defentsa eremuan sartzea, baina ez dute lortu.

Ukrainak ezeztatu egin du halakorik, eta berretsi du ez dutela iragarritako kontraerasoa hasi; bitartean, diskrezioa ezinbestekoa dela gogorarazi dute, The Guardianek jaso duenez. Kremlini leporatu diote “informazio faltsua” zabaltzen aritzea, helburu batekin: “Operazio psikologiko bat martxan jartzea, informazio faltsuaren bidez porrot sentimendua zabaltzeko espero den kontraerasoaren gainean, Ukrainako herritarrak adoregabetzeko”. Kievek ohartarazi du horretarako bideo zaharrak eta manipulatutako irudiak erabili ditzaketela.

Matteo Zuppi kardinala bitartekari

Gatazken konponbidean esperientzia duen Matteo Zuppi kardinala Kievera joan da astelehenean, Frantzisko I. aita santuaren eskariz. Vatikanoaren ordezkari gisa izango da Errusia eta Ukrainaren arteko bitartekari, bakea negoziatzeko asmoz. Dena dela, oraindik ez du Kremlinera bidaiatzeko datarik. Zuppik zenbait bake negoziaketatan parte hartu du, hala nola Mozambiken, Guatemalan eta Burundin (Nelson Mandelarekin). Euskal Herriko gatazkan ere saiatu zen ETAren eta Espainiako Gobernuaren artean bitartekaritza egiten, baina ez zuen lortu, Naiz-ek jaso duenez.