argia.eus
INPRIMATU
Errusiak dio Siriaren kontrako misilak geldiaraziko dituela
  • Errusiako armadak Siriaren kontra jaurtitako misilak suntsituko dituela iragarri du Moskuk Libanon duen ordezkari Alexander Zasipkinek.

ARGIA @argia 2018ko apirilaren 11
Mediterraneoan dauzkan AEBetako hegazkin militarrak erabil ditzakete Siria bonbardatzeko.

Ordezkari errusiarrak adierazi duenez, “Errusiako indarrek aurre egingo diote AEBen edozein erasori Sirian, misilak bidean atzemanez eta haiek jaurtitzeko instalazioei eraso eginez”.

Gaineratu duenez, larunbateko eraso kimikoa erabiltzen ari dira AEBak Sirian erasoak justifikatzeko. “AEBek eta Mendebaldeak Siriaren kontra abiatu duen eskaladak krisi handi bat eragin dezakete”, adierazi du.

NBEn adostasunik ez

Bien bitartean, Nazio Batuen Erakundearen (NBE) Segurtasun Batzordean larunbateko gertakariak argitzeko abiatutako ekimenek ez dute arrakastarik izan. Hiru erresoluzio onartzen saiatu dira jada, tartean Errusiak sustatutako bat, erasoa gertatu zen lekuan frogak bilatzeko misio bat abian jarri nahi zuena, Arma Kimikoen Debekurako Erakundearen eskutik.

AEBek, Erresuma Batuak, Frantziak eta Poloniak kontra bozkatu zuten. Vassily Nebenzia NBEko Errusiaren ordezkariak Mendebaldeari eskatu zion bertan behera uzteko “Sirian eduki ditzaketen planak”.