2022ko otsailaren 24an hasi zen gerra. Ordutik, Errusiak egiten duen erasorik bortitzenetakoa egin du astelehenean. Erasoak azpiegitura energetikoa izan du jomuga, eta horrek itzalaldi orokorrak eragin ditu.
Ukrainako lurren aurka gerra hasi zenetik erasorik handiena egin du Errusiak astelehen goizaldean, horretarako droneak eta misilak erabilita. Ukrainaren 24 eskualdetatik, Kieveko agintarien arabera, hamabosti eraso egin die Errusiak, eta energia azpiegiturak hondatu ditu. Ukrainako iturri ofizialek adierazi dute zenbait eskualdetan ur eta argindar hornidura eten behar izan dutela. Gutxienez bost zibil hil dira erasoaren ondorioz, eta zaurituak ere eragin ditu, horien kopururik eman ez duten arren. Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak zera adierazi du: “Erasorik handienetako bat izan da, eraso konbinatu bat. Zenbait motatako ehun misil baino gehiago eta ehun Shahed drone inguru”.
AEBek Ukrainan duten enbaxadak zerbitzu sekretuen txostenak baliatuz joan den astean ohartarazi zutenez, Ukrainaren Independentziaren Egunaren bueltan eraso masibo bat egiteko asmoa zuen Errusiak. Joan den larunbatean ospatu zuten independentziaren 33. urteurrena, eta bi egun geroago, astelehenean, iritsi da erasoa.
Errusiako Defentsa Ministerioak erasoa baieztatu du agiri baten bidez: “Errusiako Federazioko Indar Armatuek eraso masiboa egin dute airetik eta itsasotik, doitasun handiko eta irismen luzeko armamentua eta tripulaziorik gabeko aireko ibilgailuak erabilita, Ukrainako estruktura militar-industrialaren funtzionamendua bermatzen duten energia-azpiegiturako instalazio kritikoen aurka”.
Erasoak azpiegitura energetikoa izan zuen jomuga, eta horrek itzalaldi orokorrak eragin zituen Ukrainako leku horietan. Eraso horretan, elektrizitatea sortzeko gaitasunaren zati handi bat galdu du Ukrainak, eta denbora justua izango du kaltetutako azpiegiturak eta ekipamendua konpontzeko edo ordezkatzeko, tenperatura baxuak iritsi baino lehen.
Bi aldeak ari dira erasoak egiten
Erasoen ondoren egindako agerraldian, Zelenskik Mendebaldeko herrialde aliatuei eskatu die irismen luzeko armekin Errusia barruan erasoak egiten uzteko. Astelehenekoa bezalako erasoak saihesteko beharrezkoa dutela uste du.
Azken hilabeteetan ohikoak bihurtu dira Ukrainak Errusiako azpiegitura militarren eta, esate baterako, petrolio findegien aurka egindako erasoak. Astelehenean bertan, Ukrainak droneekin eraso egin die Errusiako Saratov eskualdeko izen bereko hiriari eta Engelsi, Moskuk jakinarazi duenez. Ukraina Kursken geroz eta lur gehiago konkistatzen ari den honetan iritsi da errusiarren erasoa.
Bi aldeak ari dira eraso egiten. Errusiak joan den astean adierazi zuen ez litzatekeela egokia Ukrainarekin negoziatzen hastea, Kurskeko erasoaldiarekin jarraitzen duen bitartean. Narendra Modi Indiako lehen ministroak Zelenskiri esan zion lehengo astean, ahalegindu dadila Vladimir Putin Errusiako presidentearekin irtenbide bat negoziatzen.