argia.eus
INPRIMATU
Errusiak AEBekin arma nuklearrak kontrolatzeko zuen ituna moztu du
  • Putinek nazioari buruzko urteroko hitzaldian jakinarazi du “antzerki hutsa” dela akordio hori. Mendebaldeari egotzi dio gerraren erantzule izatea, eta Errusia soilik “indarra erabiltzen” ari dela “defendatzeko”. Armak “masan ekoizten” jarraituko dutela ziurtatu du.

Leire Artola Arin 2023ko otsailaren 21
Arma industria indartzeko asmoa iragarri du Putinek. Argazkia: Sergei Karpukhin (Pool).

Joe Biden AEBetako presidenteak Kieven Volodimir Zelenskiri erabateko babesa berretsi ondorengo egunean bota du diskurtsoa Vladimir Putin Errusiako presidenteak. Urtero nazioaren egoerari buruz mintzatzeko egiten duen hitzartzea probestu du Mendebaldeko agintariei erantzuteko: “Beraiek dira gerra hasi izanaren erantzuleak, eta gu indarra erabiltzen ari gara haiek gelditzeko”.

Putinen esanetan, Ukrainako inbasioa, “esku hartze berezia” deitu duena, AEBek eta NATOk bultzatu zuten; ohartarazi du euren helburua zela Errusia baztertzea, eta Mendebaldeko balioak inposatzea.

START akordioa "izoztuta"

Iragarri du START akordioa “izoztu” egin duela Errusiak. AEBekin arma nuklearrak kontrolpean izateko berritu zuen ituna 2021ean, baina orain bertan behera utzi du “antzerki hutsa” dela iritzita. Akordio horren bidez bi herrialdeek duten arma nuklear kopurua mugatuta zegoen, eta kontrolerako mekanismoak zeuden, baieztatzeko ituna errespetatzen ari ziren edo ez.

NATOko idazkari nagusi Jens Stoltenberg-ek Putini eskatu dio erabakia berraztertu dezala. “Kontrol txikiagoak mundua arriskutsuago egiten du. Horregatik eskatzen diot akordiotik ateratzeko erabakia birpentsatzeko”. Stoltenbergen arabera, Errusiaren erabakiak “armen kontrola deuseztatzea” eragin du. Halere, New York Times egunkariak jakinarazi duenez, azken hilabeteetan ere kontrol hori etenda zegoen. NATOko idazkariak berretsi du Mendebaldeko herrialdeek “eskubidea” dutela Ukrainari armak bidaltzeko “autodefentsa” gauzatu dezaten.

Errusiak arma industria indartuko du

Putinek Errusiako egoera ekonomikoa goraipatu du, esanez ez duela eraginik izan AEBek eta Mendebaldeak jarri dizkioten zigor murriztaileek. Ez du gerraren ondorio negatiborik aipatu: “Gure ekonomia hondoratuko zela esan ziguten, baina soilik %2,1 jaitsi da”.

Errusiako arma industria indartuko dutela baieztatu du, eta aipatu dituen neurriak kontuan izanda, iragarri du gerrak luze joko duela. Zehaztu duenez, ekoizle errusiarren erronka da “armak masan ekoiztea”. Armadaren garapenerako plan bat dutela esan du.

Erasotzailea bestea da

NATOko idazkari Stoltenbergek Errusiari leporatu dio erru guztia: “Inor ez da Errusia erasotzen ari. Errusia da erasotzailea. Ukraina erasoaren biktima da. Gu babesten ari gara Ukrainaren autodefentsarako eskubidea”, adierazi du astearteko prentsaurrekoan. Putinek “inperio gerra” hasi zuela eta “gerraren eskalada” bera egiten ari dela kritikatu du Stoltenbergek.

Putinek, ordea, Ukraina aspalditik armaz hornitzen ari dela ohartarazi du: “Operazio militar berezia hasi aurretik ere, Kiev Mendebaldearekin negoziatzen ari zen, aire defentsarako sistemekin, enfrentamendurako hegazkinekin eta beste baliabideekin hornitu zezaten”. Ez du frogarik eman, baina ziurtatu du Ukraina arma nuklear gehiago eskuratzen ahalegindu dela.