argia.eus
INPRIMATU
Errumanian ez dute atzerapausorik nahi ustelkeriaren kontra
  • Bloke sozialista desegin zutenetik ez dituzte hain protesta handiak bizi izan Errumanian. Ustelkeriaren kontra atera da jendea kalera. Iragan asteko asteartean Gobernuak dekretuz onartu zuen neurriak arindu egiten zituen ustelkeriaren kontrako zigorrak: 44.000 eurotik beherako “kalteak” egin zituzten horiek ez zuten joan beharko kartzelara. Aldi berean, kartzela oso beteta daudela  argudiatuz, delitu txikiak —horien artean ustelkeria— egin zituzten 2.700 preso amnistiatu nahi zituen Gobernuak.

Lukas Barandiaran San Roman 2017ko otsailaren 10a

Herritarrez gain, oposizioko alderdiak, ustelkeriaren kontrako fiskaltza eta Europako Batzordea azaldu dira dekretuaren kontra. Errumaniako presidente Klauss Iohannisek ere babesa adierazi die manifestariei. Gobernuak atzera bota zuen dekretu polemikoa protestak hasi eta lau egunetara, baina manifestariek ez dute nahikoa izan horrekin. Gobernuaren dimisioa eta hauteskundeak aurreratzea eskatzen dute gauero, eta datorren asterako ere protestak deitu dituzte.

Alderdi Sozialdemokratak (PSD) iragan abenduan irabazi zituen hauteskundeak bozen %45,2arekin. Baina alderdiko lider Liviu Dagneak ezin izan du lehen ministroa kargua hartu hauteskunde iruzurragatik (2012an) eta eroskeriagatik. Dekretuarekin, Dagnea amnistiatu eta lehen ministro kargua hartzea bilatuko luke PSDk.

Errumaniak azken urteetan ustelkeriaren kontrako kanpaina zorrotza abiarazi du. Gainera, Europako Batasuna gainean eduki du 2007tik; bertan sartu ahal izateko ustelkeriaren kontrako jarrera minimo bat eskatzen dio. Dekretu horrek, ordea, azken urteetako dinamikan atzerapauso bat dakar.