argia.eus
INPRIMATU
Errumaniako ejertzitoak frackingaren kontrako kanpamentu bati egin dio eraso
  • Chevron transnazionalaren interesak babesteko asmoz, Pungesti herriko frackingaren kontrako kanpamentua bortxaz desegin dute errumariar militarrek.

Saioa Alkaiza Guallar @SaioaAlkaiza 2013ko abenduaren 26a
Frackingaren kontrako ekintzaileak, Pungesti herrian, abenduaren 7ko protestan. (Arg: Foxnews.com)

Urriaren 16an muntatu zuten herritarrek erresistentzia gunea, eta abenduaren 2an sartu ziren soldaduak bertara. Pungestiko herritarrek diotenez, lur publikoak esku pribatuetan utzi zituen gobernuak, eta enpresa era irregularrean egiten ari da zundatze lanak.

“Zuek borrak dituzue; guk, eskuak hutsik”, oihu egiten zuten protestan zeudenek, poliziak desobedientzia esparrura hurbildu ahala. Kaleratzea izan zenetik, isolatuta mantendu dute indar polizialek zonaldea; kazetariak pasatzea ekidin dute, eta bertakoen mugimenduak mugatu dituzte.

Atzerriko enpresei “saldutako” gobernua

“Terrorismo korporatiboa”. Hala izendatu du Pungesti herriko frackingaren aurkako ekintzaile María Olteanuk egoera. Izan ere, Errumaniako Gobernuak herrialdea kanpoko multinazionalen esku jarri duela deritzo. Bitartean, “herritarren kontra gerra" egiten duela salatu du.

Bideoan istiluen kontrako polizia taldea ikus daiteke, protestan zeudenak isilarazi nahian.

Abenduaren 7an elkarretaratzea egin zuen makina bat pertsonak, kanpemenduari babesa adierazteko. Orduan, Chevron konpainiaren hesia bota, eta pribatizatutako eremura sartu ziren.

Hesia bota ondoren, hainbat pertsona atxilo eraman zituen poliziak.