argia.eus
INPRIMATU
Erru sentimendua heriotza perinatalean
  • Haurdunaldiaren zazpigarren hilabetean hil zen Aduna, Amets Etxeberriaren alaba. Halakoetan, erru sentimendua da bizkar gainean emakume askok hartzen duen zama, dolua ere oztopatzen duena. Profesionalengandik jasotzen duzun tratua funtsezkoa dela dio Etxeberriak, horri aurre egiteko. “Alboan nuen emakumeak ez zion bere buruari uzten koloretako arropa janzten, errudun sentitzen zelako”.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2024ko abenduaren 04a
"Emakume batzuk oso errudun sentitu direla badakit, jaso dituzten komentario eta jokabideengatik". Ama Eme Ume

Bat-bateko heriotza izan zuen Adunak, artean Amets Etxeberriaren uteroan zela. Ginekologoak heriotzaren berri eman zionean, Etxeberriak halaxe esan zion: "Beste bi seme-alaba ditut, behin baino gehiagotan hartu ditut eta agian pisu asko altxatu izanagatik hil da umea". Zorionez, dio, hori izan zen errua sentitu zuen momentu bakarra, "zeren asko lagundu zidan ginekologoaren erantzunak: ‘Zurea ez da izan errua, badira emakumeak haurdun daudelarik pisu asko altxatzen dutenak, eta ez zaie zertan hau gertatu, ez du zerikusirik’. Zeinen garrantzitsuak lehenengo hitz horiek; iltzatuta geratzen zaizkizu". Hala kontatu du Hamaika Telebistako Ama Eme Ume saioan.

"Beste emakume batzuk oso errudun sentitu direla badakit, besteak beste jaso dituzten komentario eta jokabideengatik". Etxeberriak terapia egin zuen, egoera berdinetik pasa diren emakume gehiagorekin, eta "kasu horrorosoak" aurkitu zituela kontatu du: "Alboan nuen emakumeak iloba bat zuen, iloba hori hartzen zuen, eta leporatu zioten nolatan okurritu zitzaion haurdun egonda pisu hori altxatzea. Emakume horrek zuen erru sentimendua izugarria zen eta asko kostatu zitzaion gainetik kentzea. Behin esan zuen ez ziola bere buruari uzten koloretako arropa janzten eta kolonia botatzen, errudun sentitzen zelako". Horregatik dio Etxeberriak funtsezkoa dela sentsibilitatez tratatuko zaituzten profesionalak eta protokolo eta formakuntza egokiak izatea prozesuan ("Esku Hutsik elkarteak lan handia egin du horretan").

"Haurraren heriotzaren ardura norbere bizkar eramatea zama oso handia da. Erabiltzen diren hitzen garrantziaz jabetu naiz prozesu honetan"

Erabiltzen ditugun hitzen garrantzia ere nabarmendu du. Kazetariak Etxeberriari esan dio haurdun zegoenean umea galdu zuela, eta oharra egin dio elkarrizketatuak: "Nik neuk eta gizartean orokorrean egiten dugun akatsa da: haurdun gauden emakumeok ez dugu umea galdu, ez zaigu ume hil, umea bera da hil dena. Guk galdu dugula esateak ardura gure gain jartzen du eta haurraren heriotzaren ardura norbere bizkar eramatea zama oso handia da. Eta ez da asmo txarrez esaten, baina prozesu honetan zehar hitzen garrantziaz jabetu naiz; dolua egiteko garaian ere lagungarria da, erru sentimendua gainean ez eramateko".

Erabakiak "instintiboki" eta argitasun handiz hartu zituela gogoratzen du Etxeberriak, alabaren gorpua ikusi nahi izatea eta abar, baina erabaki guztiak dira zilegi, dio, ez dago bestearena baino hobea den erabakirik, bakoitzak behar eta nahi duena egin dezala, epaitu gabe, hor ere erru sentimendua garatu baitaiteke.

"Auto-erruduntzen adituak"

Haurdun geratu ezin diren emakumeez eta abortuez, Nagore Uriarte psikologo perinatalak halaxe zioen ARGIAn: "Auto-erruduntzen adituak gara emakumeak, eremu guztietan, zer esanik ez gai honetan, zeinetan karga handiagoa eraman ohi dugun emakumeok". Horregatik, mezua azpimarratu du Etxeberriak: "Emakumeok ez dugu inongo errurik, ume horiek babestea da gure nahia, ume horiek mundura bizirik ekarri nahi izan ditugu". Ingurukoentzat ere, badu aholkurik: "Dolua pasatzen ari denari zer esan ez badakizu, besarkatu eta kito, ‘sentitzen dut, hemen nago’ adieraztearekin nahikoa da, lagundu nahian sarri ez dakigulako nola jokatu".

Gerora, berriz ere haurdun geratu zen Amets Etxeberria, eta ume bat izan zuen. "Adunari idazten nion, barkamena eskatuz, adieraziz haur hau ez zetorrela bera ordezkatzera…". Berriz ere erru sentimendua airean, baina irribarretsu dio: bakean dago Adunarekin.