Arrotxapeako gaztetxea husten ari da Espainiako Polizia. Gaztetxeko kideek 08:30ean deitutako elkarretaratzearekin bat egin dute hainbat herritarrek, eta istiluak sortu dira Poliziaren eta bertaratutakoen artean. Poliziak protestan zirenen aurka kargatu, eta gutxienez zazpi pertsona atxilotu ditu.
Irailaren 2rako zuen huste agindua Arrotxapeako gaztetxeak, eta egunak Polizia presentzia esanguratsuarekin argitu du Iruñeko auzoan. Espainiako Poliziak inguraturik dauka 2016tik okupatuta dagoen eraikina, eta helikopteroz ere ari da ingurumarietan. Udaltzaingoa ere bertaratu da.
Gaztetxeko kideek elkarretaratzea zeukaten deituta goizeko 08:30ean, eta deialdiari jarraiki, hainbat pertsona bertaratu dira. Poliziak, baina, galarazi egin die okupatutako eraikinera hurbiltzea. Gaztetxeko kideek sare sozialen bidez jakinarazi dutenez, hainbat pertsona identifikatu dituzte "segurtasunaren aitzakiapean", baina herritarrei gogorarazi die mobilizaziorako baimena dagoela. Gutxienez 40 dira Poliziak identifikatutako pertsonak.
Goizeko bederatziak jota zirela, gaztetxeko atera jo dute zenbait agentek eta atea jo; erantzunik ez dute jaso eta sarrailagileak atea irekitzeari ekin dio. Poliziak gaztetxera sarbidea lortu du, eta sarraila aldatu dute. Alabaina, eraikina ixteari ezin izan diote ekin, barruan egon zitezkeelako gaztetxeko zenbait kide, erresistentzia egiten, ondoko argazkiak ulertzera ematen zuenez:
Tarte baten ostean, Udaltzaingoak ziurtatu du gaztetxe barruan ez zegoela inor eta sareetan zabaldutako argazkia "zaharra edo faltsua" dela, Ion Orzaiz Berriako kazetariak jakinarazi duenez.
Garabi bat sartu dute eraikinean. Badirudi berandu barik eraikina eraisten hasteko asmoa dagoela.
Giroa tenkatzen joan da goizak aurrera egin ahala, eta 10:00ak inguruan Poliziak inguruetan bildutakoen aurka kargatu du, gomazko pilotak eta borrak erabiliz. Gedar.eus-ek jaso ditu momentu horren irudiak:
Hona hemen poliziaren gaurko lehenengo kargako hainbat irudi: pic.twitter.com/IUfJEGaeh8
— Gedar.eus (@GedarLangileKZ) September 2, 2021
Istiluak kanpoalderantz zabaldu dira, eta gutxienez zazpi pertsona atxilotu dituzte. Txintxilla kaleko polizia-etxera eraman dituzte.