argia.eus
INPRIMATU
Emakume alkateentzako jantzi erronkariarra diseinatu dute, Hiru Behien Zergan parte hartzeko
  • Larunbatean egingo dute San Martin Harriaren inguruan 600 urte baino gehiago dituen ohitura eta aurten emakume alkateentzako jantzi erronkariarrak prestatu dituzte, orain arte gizonezkoentzako baino ez baitzeuden.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2024ko uztailaren 12a
Jantzi tradizionala Erronkariko herritarren nortasunaren ikur izan dira mende askotan, eta orain emakume alkateek ere badute berea.

Seguruenik Europan mantentzen den hitzarmen zaharrenetakoa da Biarnoko Barestos ibarreko biztanleen eta Erronkariko ibarrekoen artean egiten den Hiru Behien Zerga deiturikoa. Urtero, uztailaren 13an, biarnotarrek hiru behi ematen dizkiete erronkariarrei San Martin Harriaren inguruan, bi bailaren arteko mugan, lehenengoen aziendek Nafarroako lur komunaletan bazkatzeko eskubidea izan dezaten.

Ohitura horren jatorria ez dago oso garbi, baina gutxienez 1375etik egiten dela badakigu, urte hartan sinatu baitzuten Hiru Behien akordioa. Geroztik ia etenik gabe berritu da hitzarmen hori eta gaur egun festa handia izan ohi da Erronkari, Zuberoa eta Biarnoko herritarrentzat.

Festa horretan ibarreko alkateek parte hartu izan dute beti, herritarren ordezkari gisara, eta horretarako jantzi tradizionalak eraman izan dituzte. Erronkariko jantziak kultur ondare garrantzitsua eta ibarreko nortasun ikurretako bat dira. XX. mendera arte jantzi izan dituzte erronkariarrek, emaztekiek etxeetan eskuz eginak, eta mende askotan araututako neurri eta baldintzak zituzten. Gaur egun festa berezietan erakutsi ohi dira.

Hiru Behien Zergarako, baina, alkateen gizonezkoentzako jantziak baino ez zeuden, emakumeek instituzioetan jasan izan duten bazterkeria historikoaren ondorioz. Orain, Errronkaribarreko Batzorde Nagusiak erabaki du emakume alkateentzako jantziak ere egitea, ibarreko hainbat elkarteren ekimenez. Aurten Uztarrozeko alkate Jone Alastueyk eta Gardeko alkate Erika Erguetak eramango dituzte soniean.

Higo erraldoiak, emakumeen erresistentziaren ikur

Jantziak pasa den ekainaren 20an aurkeztu zituzten publikoki eta ibarreko molde tradizionala jarraitzen dute, hainbat aldaerarekin. Besteak beste, buruko mantelinari bi higo handi erantsi dizkiete zintzilik eramateko.

Higo horiek "mendeetan zehar Erronkariko emakumeek izandako erresistentzia sinbolizatzen" dute, Mendixut Nafar Pirinioetako aldizkarian azaldu dutenez. Izan ere, historikoki babeserako kuttun bezala erabili izan dira uztai moduko horiek: "Kultur esangura sakona eta erresilientzia gehituko diote jantziari", diote.