Iturzaetako eta San Martingo harriko pasabideak itxita daude urtarriletik, eta horren aurkako ekitaldia egingo dute igande eguerdian Iturzaetan.
Urtarrilaren 8an erabaki zuen Paueko prefetak Nafarroa, Nafarroa Beherea eta Zuberoa lotzen dituzten pasabideak ixtea, ustezko terrorismoaren mehatxua aitzakiatzat hartuta. Orduz geroztik itxita jarraitzen dute Iturzaetako eta San Martingo harriko pasabideek.
Jan den uztailean Erronkari eta Zaraitzu bailaretako udaletxe, kontzeju eta batzarretatik gaiari heltzeko eskatu zioten Nafarroako Gobernuari, pasabide horiek berriro ireki ahal izateko zerbait egin zezan. Jaso zuten erantzun bakarra, ordea, “gaia aztertuko zutela” izan zen.
Horrek Erronkari eta Zaraitzu bailaretako eta Zuberoako herritarren egunerokoan ondorio larria izan duela salatu dute ekitaldiaren antolatzaileek: “Hiru bizi eremuetako herritaren arteko harreman kulturalak eta ekonomikoak baldintzatu dizkigute, eta oroz gainetik, familia arteko harremanak zangopilatuak izan dira”.
Euskal herritarren arteko harremanak hala baldintzatuta Frantziar estatuaren ordezkaria den Paueko prefetak bertako herritarrak zein instituzioak mespretxatzen dituela salatuko dute igande eguerdian Iturzaetan egingo duten ekitaldian.
Besteak beste, Nafarroako Gobernuari eta Ipar Euskal Herriko Hirigune Elkargoari ezarritako mugaren bi aldeetako herritarren zirkulazio eskubidearen alde egin dezatela eskatzen diote, prefetari pasabideak ixteko erabakia bertan behera uzteko eskatuz. “Ez dugu onartzen Euskal Herrian gaindi ibiltzeko ezarri zaigun debekua eta ozenki diogu ez dugula errespetatuko, oinarrizko eskubideak urratzen dituelako”.
Erronkari, Zaraitzu eta Zuberoako herritarren, eragileen eta instituzioen arteko ehuntzea aldarrikatuko dute igandean, harreman sareak birsortu eta elkarlana sustatzeko.
Honako hau izango da programa, eguraldiak laguntzen badu: 12:00etan izango da topaketa eta manifestuaren irakurketa. Ondoren, otordua egingo dute Irati-Abodi Mendi Zentroan, musikariek lagunduta.