Artzai Gaspar Arraizak (Iruñea, 1997) Lehen Hezkuntzako gradua eta Eleaniztasuna eta Hezkuntza master europarra ikasi zituen UPV/EHUn. AEKn irakasle bezala lan egin izan du Nafarroan, eta tarteka Lehen Hezkuntzan ere irakasle ibili da. Masterra amaitu baino lehen hasi zen ikertzaile kontratatu bezala UPV/EHUn eta gero suertatu zitzaion doktoretza tesia egiteko aukera. Espainiako Gobernuko FPU (Unibertsitateko irakasleentzako formaziorako laguntza) kontratu pre-doktorala lortu zuen eta gaur egun, tesiaz gain, Soziolinguistikako eskolak ematen ditu UPV/EHUn.
Lehen Hezkuntzako gradua ikasi eta eleaniztasunaren gaia ikertzen hasi zinen.
Hizkuntzak betidanik izan ditut gustuko, txikitatik oso interesgarriak iruditu zaizkit. Lehen Hezkuntzako gradua aukeratu nuenean, bigarren ikasturtean hizkuntzen didaktika landu genuen. Ordutik argi izan dut eleaniztasunarekin eta hizkuntzaren didaktikarekin loturiko zerbait egin nahi nuela. Eleaniztasuna oso garrantzitsua da gaur egungo gizartean. Gainera, esparru asko zeharkatzen ditu, hala nola, hezkuntza. Baina egoera konplexua da eta ez da erraza egoera horri trataera egoki bat ematen. Are gehiago, esango nuke, euskara bezalako hizkuntza gutxituak dauden testuinguruetan. Asko dago ikertzeko eta eztabaidatzeko. Horrekiko interesak eraman ninduen eleaniztasuna ikertzera.
DREAM ikerketa taldean ari zara.
Bai, gaur egun Donostia Research group on Education and Multilingualism (DREAM) ikertaldean nago. Aukera masterrean bertan suertatu zitzaidan. Eleaniztasunarekin loturiko Europar Batasunak finantzatutako proiektu batean ikertzaile bat behar zuten eta nire profila egokia ikusi zuten horretarako. Ondotik, doktoretza tesia egiteko kontratua lortu nuen eta ikertaldean egiteko aukera eman zidaten. Taldean ikertzaile ezberdinek egiten dugu lan. Gaur egun, 16 kide gara. Guztiok eleaniztasuna ikertzen dugu, baina ikuspegi ezberdinetatik. Nire arloak translanguaging-a eta hizkuntza akademikoaren irakaskuntza dira bereziki, baina beste batzuek antsietate linguistikoa, hizkuntzaren inguruko usteak eta jarrerak, eleaniztasuna generoaren ikuspegitik, paisaia linguistikoa, soziolinguistika… ikertzen dute. Ertz ezberdinetatik heltzen diogu gaiari. Esango nuke ikertaldea lan garrantzitsua egiten ari dela hizkuntza gutxituen alde eta, bereziki, euskararen alde. Saiatzen gara euskara erdigunera eramaten eta nazioartean leku bat ematen.
Zure tesiak, translanguaging pedagogikoan oinarritutako interbentzioa proposatzen du DBHn. Zer da Translanguaging pedagogikoa?
Historikoki oso ikuspegi elebakarra izan da nagusi. Elebitasuna, adibidez, bi hizkuntza bereizien batuketa bezala ulertu izan da. Hau da, pentsatu izan da norberaren buruan hizkuntzak oso modu bereizian gordetzen zirela. Azken urteotan, aldiz, zientziak beste zerbait erakutsi digu: eleaniztunek errepertorio linguistiko bakarra dugula eta ikasten ditugun hizkuntzak ez ditugula "kutxa" bereizietan gordetzen. Gai gara hizkuntza batzuetan ikasten duguna beste batzuetan aplikatzeko edo transferitzeko. Gaitasun horri bat-bateko translanguaging-a esaten zaio. Gaia pedagogiaren alorrera ekarrita, azken urteotan demostratu da eleaniztunok naturalki daukagun gaitasun hori modu planifikatu batean probestu daitekeela hizkuntzen irakaskuntzan. Hori da, hain zuzen ere, translanguaging pedagogikoa: hizkuntzen arteko muga zurrunak desagerrarazten dituen ikuspegi pedagogikoa. Esate baterako, euskara ikasteko frantsesa eta ingelesa probestea. Nire tesiko interbentzioa ikuspegi zabal horretan oinarritzen da, euskara, gaztelania eta ingelesa kontuan hartuz, betiere euskara erdigunera eramanez.
Zure hipotesiaren arabera efektu positiboak izango ditu translanguaging pedagogikoaren aplikazioak.
Egin izan diren ikerketetan emaitza positiboak ikusten dira. Hizkuntzen ikasketa azkarragoa eta egokiagoa da, eta maila linguistiko altuagoak lortzen dira horrela lan egitean. Nire ikerketan ere emaitza positiboak espero ditut, alor ezberdinetan. Batetik, eleaniztasunaren ikuspegia zabalduta eta translanguaging pedagogikoa bezalako estrategiak bultzatuta, espero dut kontzientzia metalinguistikoa handitzea. Hau da, ikasleak hizkuntzen arteko antzekotasunez kontzienteago izatea eta hizkuntzaren inguruan hausnartzeko gaitasuna handitzea. Era berean, efektu positiboak espero ditut hizkuntza akademikoaren garapenean, hala nola, irakurmenaren ulermenean. Eta azkenik, aurreikusten dut maila linguistikoa hobetzean, eduki kurrikularretan lortzen diren emaitzak hobeak izango direla. Esaterako, matematiketako problemen ebazpenean.
Baina Txiotesian aipatu zenigun beti ez direla emaitza positiboak lortzen.
Euskal Herriko egoera konplexua da. Batetik, hizkuntza nagusiak diren gaztelania eta frantsesa dauzkagu. Bestetik, hizkuntza gutxitua den euskara. Gainera, ingelesa hizkuntza garrantzitsua da gure gizartean. Horiekin batera, hamaika hizkuntza daukagu gure artean. Egoera benetan eleaniztuna da, baina diglosikoa ere bai. Erronka nagusia da eleaniztasuna mantentzea baina aldi berean hizkuntza gutxituari babesa ematea eta erdigunera eramatea. Horrek planteamendu egokiak eskatzen ditu, ezinbestean. Bestela, translanguaging pedagogikoa bezalako estrategiekin hizkuntza indartsuagoei lekua ematean, erraz azpiratzen dituzte hizkuntza gutxituak. Hezkuntzaren arloan eragiten duten aldagai pedagogiko, soziolinguistiko eta sozioekonomikoak behar bezala zaintzen ez badira emaitzak ez dira positiboak izaten. Adibidez, euskarako klasean gaztelania baimentzean, planteamendua behar bezalakoa ez bada, gaztelaniak erraz hartzen du lekua. Emaitza hori ez da positiboa, beste zerbait bilatzen dugu.
Nafarroako eta Gipuzkoako DBHko ikastetxeetan ari zara ikerketa gauzatzen.
Momentuz, 120 ikasle inguruk hartuko dute parte nire ikerketan, bi ikastetxetakoak. Ikastetxe bat talde esperimentala izango da eta bestea kontrol-taldea. Hasieran, bietan hiru esparru neurtuko ditut: konpetentzia linguistikoa, konpetentzia kurrikularra zientzia eta matematiketan eta kontzientzia metalinguistikoaren maila. Gero, talde esperimentalean soilik bideratuko dut interbentzio pedagogikoa. Interbentzio pedagogiko hori, esan bezala, translanguaging pedagogikoan oinarritzen da eta bereziki hizkuntza akademikoa lantzeko dago bideratua. Unitate ezberdinez osaturik dago, eta oro har, hizkuntza akademikoarekin loturiko zazpi gaitasun lantzen dira. Gutxi gora behera 3 asteko interbentzioa izango da. Amaieran, berriz ere hizkuntza maila, konpetentzia kurrikularrak eta maila metalinguistikoa neurtuko ditut. Bi taldeak konparaturik interbentzioaren eraginkortasuna analizatzea da asmoa.
Zer diote orain arteko emaitzek?
Tesiaren fase honetan pilotaje bat egiteko aukera besterik ez dut izan, eta beraz, datu gehienak jaso behar ditut oraindik. Hala ere, Nafarroan egindako pilotu proba horretatik oso argi ikusi nuen translanguaging pedagogikoak harrera oso ona duela irakasle eta ikasleen partetik eta motibazioa ere handitzen duela. Badirudi, gainera, ikasketa prozesua askoz dinamikoagoa eta konstruktibistagoa bihurtzen dela, baina oraindik goiz da ondorioak ateratzeko.
Zein erronka dituzu eskuartean?
Momentu honetan daukadan erronka handiena tesia amaitzea da. Bidea ez da beti samurra eta, tamalez, prekarietatea ere hor dago. Hala ere, espero dut eleaniztasunaren eta euskararen alde ekarpen zientifiko bat egin ahal izatea. Etorkizunari begira dibulgazioan eta irakaskuntzan aritzea gustatuko litzaidake, pasio handia daukat horretarako.
Txiotesia parte hartu zenuen. Zer nolako esperientzia izan zen?
Txiotesian parte hartu nuenean nire lehenengo hilabetea zen tesiarekin. Erronka handia izan zen hain proiektu handia txio gutxitan laburtzea. Baina egia esan, oso baliagarria izan zen nire ideiak ordenatzeko. Gainera, asko disfrutatu nuen besteon ikerketak irakurtzen. Tesia bide bakartia da askotan eta gazte gehiago zure egoera antzekoan ikusteak poz handia ematen du.