argia.eus
INPRIMATU
Erronka bat gizateriarentzat

Imanol Satrustegi Andrés 2023ko azaroaren 02a

Giza historiaren aro luzeena, paleolitoa (K. a. 2.500.000-10.000), izotz-aro ezberdinek hartu zuten, munduko klimaren aldi epel laburren artean tartekaturik. Baina orain dela 12.000 bat urte, gutxi gorabehera, azken glaziazioa (geologoek Würm deritzotena) bukatu eta Holozenoa hasi zen, hots, orain arte bizi izan dugun aldi geologiko epela. Kalkulatzen da 8º eta 11ºC artean berotu zela munduko tenperatura. Kasko polarretako izotza urtu eta itsaso-maila igo zen; 120 bat metrora arte, taupada eta erritmo ezberdinetan. Lurralde zabalak urpean geratu ziren, penintsulak eta istmoak itsasarte bilakatu ziren eta orain Saharan dagoen eskualdea pixkanaka idortu eta basamortu bilakatu zen.

Berealdiko aldaketa klimatikoa izan zen, hainbestekoa ezen giza zibilizazioan ordura arte ikusi gabeko eraldaketak eragin baitzituen. Horren aurretik, munduko gizaki guzti-guztiak tribu nomadatan bizi ziren eta haien ekonomia ehizan eta bilketan oinarritzen zen. Baina, Holozenoaren hasierarekin batera, Ekialde Ertaineko Ilgora Emankorra eskualdean, Iraultza Neolitikoa gertatu zen.

Gizakiek landare eta animalia espezie basatiak etxekotu zituzten, eta ondorioz, nekazaritza eta abeltzaintza asmatu zituzten. Nomada izatetik sedentario izatera pasa ziren: lehendabizi herrixka txikietan egonkortu eta gero hiriak sortu zituzten. Elikagaiak kontserbatzeko beharrak teknika berriak garatzea ekarri zuen, hala nola zeramika, saskigintza eta beste asko. Soberakinen agerpenaren eta ekoizpenaren hazkundearen ondorioz, lanaren banaketa eta espezializazioa gertatu zen, merkataritza agertu zen eta gizarte-desberdintasunak areagotu ziren. Ez zen prozesu bizkorra izan, milaka urtetan luzatu zelako, baina aldaketen sakontasunagatik benetako iraultza bat izan zen.

Ordutik munduko klima ez da egonkor mantendu, hainbat gorabehera izan da. Adituen ustez Erromatar inperioaren amaiera ere klimaren hozte prozesu labur batekin loturik egon zen. Halaber, XVII. mendeko matxinadak eta gatazka sozialak Hotzaldi Txikia esaten zaion beste aldaketa klimatiko baten ondorio izan ziren, Europan uzta txarrak eta goseteak eragin baitzituen.

Industrializazioan, aldiz, gizakiok erregai fosilak erruz erabiltzen hasi ginen. Ordutik klima 1,1ºC berotu da eta aurreikuspen okerrenek, erritmo berean jarraituz gero, 2060rako 4ºCko igoera ere gerta litekeela esaten dute. Kontua da oraingoan klima bizkorrago aldatzen ari dela eta gainera, gizakiak berak eragindako prozesua izan dela. Aurrekariak ikusita, zer gerta litekeen jakinda, gure zibilizazioa prest al dago halako erronka handiari aurre egiteko?