Joan den urriaren 9an Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak antolatu zituen bere jardunaldi edo solasaldiak. Osasun egoerarengatik gibeleratuak izanik ere, azkenean Tolosako kultur etxean muntatu zituzten. Aurtengo gaia “Erromeria” zuten. Uste beino gai zabalagoa, eta soinu eta dantzaz beino aise haratago bazoana. Erromeria izaitekotz Hego Euskal herrian erabiltzen den hitza da. Oinarrizko sentsuan, leku jakin batean, bereziki ermita edo kapera baten inguruko zelaietan egiten den besta da, soinu ttipi eta danza ezaugarritzat dituena.
Hitzak berak badu jatorri erlijioso bat: erromesa edo beilaria, Erromara beilan doana. Aitari entzuna dakot Xalbador zendu zelarik, Lopategi bertsulariak erran omen zuela handik aintzina Urepelera joanen zela urtero erromes. Sentsu zabalago batean, erromeria erraiten dakote orain plazetako dantzaldier, eta bereziki nahi duenari irekia den soinu eta dantza emanaldier. Jardunaldi horietan gaia landu zuten lehendabizik
Bilboko Aiko taldekoek, hain xuxen herri dantzaldi mota horren garatzen ari direnak azken urte hauetan. Arratsaldean, mahai inguru batean bildu
gintuzten Joseba Altube, Barrakaldoko dantza taldearen arduraduna, Xabier Etxabe zarauztar historialari, dantzari eta soinularia eta nihaur Ipar Euskal herritik, horiek oro Aritz Ibañez Iruñako dantzari eta ikerlearen gidaritza ernearen pean. Ezin erran egitarau horrek masak mugiarazi zituenik, bainan hor zaudenekin izan ginuen biziki solasaldi interesgarri eta laket bat. Bi gauzek jo ninduten.
Batetik, iduriz josteta hutsa den bestaren gaiak nola plazaratzen dituen gizarte baten funtsezko aldaketak. Nola esplika Bilbotik Baionarat hirian garatzen ari diren dantzari elgarretaratze horiek? Euskal kulturan sartzeko lehen urrats bat, behar bada hizkuntza beino erretxagoa? Nola kanbiatu da plaza joko horiek laguntzen zituen soinularien itxura, beti dantza eta dantzarien xerbitxuko? Ze bilakatzen da, herri ttipietan, tokiko beilen oinarri erlijiosoa gizarte sekularizatu batean? Hots, beti bezala, dantzak bere buruaz baino zerbeit gehiago derauka.
Bertze zerbeit ere hauteman nuen. Behin gure predikuak finitu eta, plazara atera ginelarik, han zauden promenan itxura guzien arabera etorkinak ziren andere batzu beren haurrekin, mila koloretako oihalak soinean. Ohartu nintzan orduan alderdi hori ez ginuela aipatu gure eztabaidetan.
Bestak behar lukeela integrazio funtzio bat bete, gaurko Euskal herria osatzen duen aniztasunaz haziz. Eta kanpotik jinak diren jende xumeenak ere
gure dantza jauzien errondan sartuz. Eta guk haien ahidus, co?ek edo bertze ikasiz. Denak guti edo aski erromes beigira lur huntan.