argia.eus
INPRIMATU
Erromatar arrasto gehiago aurkitu dituzte airetik harturiko irudiekin, oraingoan Arkaian
  • Arkaiako erromatarren eremu termalean San Tomas ibaiari loturiko azpiegitura hidrauliko handi bat aurkitu dute, baita lur azpian 3.000 metro koadroko eraikin bat ere, garai hartako etxalde batenak izan daitezkeen arrastoekin.

ARGIA @argia 2024ko uztailaren 24a
Arkaiako gari-soroen azpian erromatarren garaiko eraikinen arrastoak antzeman daitezke, argazkiak ikus daitekeen bezala. Argazkia: Arkikus

Pasa den astean Iruña-Veleiako aztarnategian zirku erromatar bat dagoela jakinarazi ostean, beste aurkikuntza arkeologiko baten berri eman du Arabako Foru Aldundiak, EiTBk jaso duenez. Arkaiako erromatar hirian, Suestatium deiturikoan, hogei metro luze, zortzi metro zabal eta bi metroko sakonera duen ur putzu bat aurkitu dute.

Azpiegitura berezia da, izan ere, San Tomas ibaia bideratu eta ur goraldietan aprobetxatzeko egina zegoela uste dute, erromatarren ingeniaritza noraino iristen zen adierazle. Hala, hiria urez hornitzeko ez ezik, hango termentzat aprobetxatzeko ere balioko luke.

Miguel Loza Iterbide enpresako arkeologiak euskal irati-telebista publikoari azaldu dio xehekiago: "San Tomas ibaia batez ere neguan eta udaberrian bere ibilgutik ateratzen da eta horregatik egin zuten kanal handi bat ura eramateko, hiri antolatu horretara".

Igerileku handi baten antza du ur biltegi edo putzuak. San Tomas ibaiaren goraldiak eta ibilgua bideratzeko egin zutela uste dute arkeologoek.

Arkaiako aztarnategiari lotuta aurkikuntza gehiago egin dituzte, gainera. Iruña-Veleiako aztarnategian egin bezala, Arkikus airetik droneekin harturiko irudiekin eta teknika bereziekin, hiriaren inguruko lurpea arakatu dute eta 3.000 metro koadro izan ditzakeen eraikin baten aztarnak egon daitezkeela uste dute. Aldundiko iturriek EiTBri esan diotenez, baliteke ikastetxe bat, etxadi bat edo Astorga eta Bordele arteko galtzadaren "geraleku" bat izatea.

Suestatium hirian K.a I. mendetik K.o III. mendera arte izan zen jendea bizitzen eta bainu-etxe edo termen berri gutxienez XVIII. mendetik badakigu. Hala ere, hiria apenas dago induskaturik, 20 hektarea baino gehiago dituen arren, %1 edo %2 besterik ez.