argia.eus
INPRIMATU
Errioxan sutea izan da birziklatze nabe batean, eta hodei-toxikoa Nafarroara irits daiteke
  • 2.000 metro karratutan biltzen dira plastiko, kautxu eta aluminio-paper hondakinak Pradejon herrian. Su hartu du goizeko ordu txikietan, eta haizeak hego ekialdetik jotzen duenez, Nafarroan sar daiteke ke toxikoa.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2019ko urtarrilaren 22a
Argazkia: @SOSRioja

Astearte goizaldeko 3:00ak aldera gertatu da sutea, Errioxako Pradejon herriko birziklatze nabe batean. Larrialdi zerbitzuek ez dakite nola sortu den sua, aspaldidanik itxita baitzegoen industria gunea. Egoera kontrolpean dutela jakinarazi dute, baina arazoa sutean baino kean dagoela esan dute. Hodei-toxikoa inguruko herrietara iritsi da; Calahorra eta Rincon del Sotora. Neurriak hartu dituzte herriotan: haurrek jolas-ordua ikastetxe barruan egingo dute, kalean ahalik eta gutxien egotea eta etxeetako leihoak ez irekitzea eskatu dute.

Hego ekialdeko haizea dago, nahiz eta ez duen indartsu jotzen. Dena den, litekeena da Nafarroara iristea: batik bat San Adrian eta Andosillara.