argia.eus
INPRIMATU
Errigoraren udaberriko kanpaina martxan da: ‘Uztaberria’
  • Udaberriko kanpaina aurkeztu du Errigorak Iruñean, Uztaberria izenarekin. Martxoaren 1etik 14ra Nafarroa hegoaldeko olioa eta kontserba loteak eskatzeko aukera izango dute herritarrek. Helburua? Bertako produktuen kontsumoa sustatzea eta euskalgintzari bultzada ekonomikoa ematea.

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko martxoaren 01
Kanpainaren aurkezpena (Arg.: Errigora)

Berritasunez betetako kanpaina da aurtengoa. “Inoiz baino eskaintza zabalagoa eta ekologikoagoa egin dugu”, azaldu dute.

Eskaera egiteko modua ere aldatu dute. Aldi berean eskatuko dira olioa eta kontserbak, martxoaren hasieran. Banaketa bitan egingo da: apirilean oliba-olioa eta ekainean kontserba loteak. Ordainketa produktuak jasotzeko unean egingo da. Enkargua Errigoraren atarian nahiz herrietan egin daiteke.

Errigorako kideek azaldu dutenez, “gogotik” egin dute lan Uztaberria martxan jartzeko: “Ekoizle gehiago topatu behar izan dugu, hauek harremanetan jarri, nekazari sindikatu eta ekoizpen kontseiluekin lankidetza bideak garatu”. Hala ere, hauek “agroekologiaren lehen urratsak” baino ez direla ziurtatu dute.

Errigora 2012an Nafarroako hegoaldean sortutako ekimen herritarra da. Eremu horretakoak propio diren produktuak Euskal Herrira zabaltzeko asmoarekin sortu zen, baita euskara ofiziala ez den eremuetan indartzeko ere. Hau guztia auzolanean eta elkarlanean. Egun, sare zabal batek gorpuzten du proiektua; herritar, nekazari, euskaltzale, ekoizle eta kontsumitzaileez osatutakoa.