argia.eus
INPRIMATU
Errigoraren kanpainaren bidez 302.000 euroko ekarpena egin zaio Nafarroako euskalgintzari
  • Saskien balioaren %25a Nafarroa hegoaldeko eta erdialdeko euskalgintzara bideratuko da. Aurki ekingo diote saskien banaketari, auzolan bidez.

ARGIA @argia 2020ko azaroaren 19a
(Argazkia: Errigora)

“Nafar hegoaldeko uzta, euskarari puzka” kanpaina berriki bukatuta, beronen datuen berri emateko agerraldia egin du Errigorak ostegun goizean, kanpainako saskiak biltzeko erabili duten Antsoaingo pabiloian. Errigora proiektuko kideekin batera, agerraldian parte hartu dute AEK, Ikastolen Elkartea eta Sortzeneko ordezkariek ere.

Ekimenaren bultzatzaileen arabera, kanpaina honen bitartez inoiz baino saski gehiagoren eskaera jaso dute, eta hargatik ekarpena inoizko emankorrena izango delakoan daude. Orotara, Nafarroa hegoaldeko eta erdialdeko euskalgintzari 302.000 euroko ekarpena egingo zaio, saskien balioaren %25a. Azaldu dute ekarpen horrek ahalbidetuko duela Nafarroan euskara hauspotzea, eta zehaztu dute diru hori baliatuko dela AEKren euskaltegien, ikastolen eta hezkuntza publikoko D ereduen dinamikak indartzeko. Espero dute diru hori baliagarri izatea, baita ere, euskararen aldeko Agerraldia egitasmo berriak agenda garatzeko.

Aurtengoan, pandemiak eragindako testuingurua tarteko, saskiko 5 euro ekarpen osagarri gisa helaraziko zaie AEK, Seaska eta Sortzeni. Horiek egoerak estutu baititu, Korrika atzeratu eta Herri Urrats zein Sortzenen jaia bertan behera utzi behar izan baitituzte.

Aurki ekingo diote saskien banaketari, auzolan bidez.