argia.eus
INPRIMATU
Errigorak txanda pasa dio Euskaraldiari kanpaina arrakastatsu berri bat amaitu ondoren
  • “Bat egiteko garaia da” lelopean burututako kanpainari esker 13.000 saski banatuko dira hurrengo egunetan eta 200.000 euroko ekarpen ekonomikoa bideratuko du Ager zonaldeko euskalgintzaren egitasmoetara. Euskaraldia azaroaren 18an hasiko da, eta ariketa sozial masibo honetan parte hartzeko deia luzatu du Errigorak.

Ahotsa.info @ahotsainfo 2022ko azaroaren 15

Iruñeko Geltoki espazioan bildu dira gaur Errigorako eta Euskaraldiko kideak, izan ere, Errigoraren kanpaina bukatu berri da eta Euskaraldia lau egun barru hasiko da. Bi ekimenen inguruan hitz egiteko bildu dira, beraz, Errigorako kideak eta boluntarioak, batetik, eta Euskaltzaleen Topaguneko ordezkariak, bestetik.

Ibai Sueskun Errigora-ko kidearen hitzetan, Nafarroa erdi eta hegoaldeko dozenaka nekazarik bildutako uztatik 24 ekoizlek saskietako produktuak jarri dituzte; Errigoraren ehunka bolondresek mezulari eta eskaera biltzaile lanak egin dituzte; Aek, Sortzen eta Ikastolen Elkartea antolaketaren parte izan dira; hainbat eragile eta erakundek bat bere egin du kanpainarekin eta milaka kontsumitzailek egin du eskaera. Urrian, Ablitas eta Tuteratik Euskal Herriak bat egiteko luzatutako deiak erantzun bikaina izan du beste behin. Euskarari, elikadura burujabetzari eta auzolanari bultzaka darrai Errigorak, txikitik handira, modu praktikoan.

200.000 euro gehiago izango dira Lodosa, Tutera eta Bianako ikastoletan, Ager osoko Aek-ren euskaltegietan bekak banatzeko, eskoletan D ereduko lerroak bultzatzeko eta Agerraldia egitasmoaren baitan urte guztirako agenda zabala osatzeko.

Ibai Sueskunek, azpimarra jarri du azaroaren 5ean Azkoienen izan berri diren Agerreko euskaltzaleen Topaketetan. "Hunkigarria izan da nola bat egin duten euskaltzaleek, elkar ezagutu eta elkarrekin euskararentzako erronka zahar-berriak partekatzeko", esan du Sueskunek. Bere hitzetan, mugimendua saretzen ari da, Agerraldia; euskarari hauspo berria eman nahi don mugimendua.

Datozen asteotan eskuz-esku iritsiko dira milaka etxetara saskiak eta auzolan honek Euskaraldiarekin bete-betean bat egingo duela esanez bukatu du Ibai Sueskunek.

Euskaraldia hasteko lau egun

Euskaraldia hasteko, berriz, lau egun baino ez dira gelditzen; eta Saioa Goñi, Euskaltzaleen Topaguneko kidearen esanetan, ehunka herri, elkarte, entitate eta boluntario batu dira ariketa soziala aurrera ateratzeko antolaketan. “Mugimendu handia sumatzen da, eta urteek ematen duten esperientzia ere nabari da ariketa azaltzeko eta ulertzeko sakontasunean”.

Euskaraldian parte hartuko dutenek ariketa egingo dutela berresteko garaia da orain. Milaka belarriprest eta ahobizik baieztatu dute jada ariketa sozialera batuko direla, baina oraindik egin ez duenak izenematea.euskaraldia.eus gunean egin dezake.

Euskaraldiari begirako erronkak, hizkuntza ohituretan eragiteko

Aurten, Euskaraldiak, ariketaren inguruan belarriprest eta ahobiziek izan ditzaketen erronkak ikustarazi nahi ditu. Horretarako, "Zein erronka izango duzu zuk Euskaraldiak irauten duen bitartean?" galdetu nahi die herritarrei. Goñik aditzera eman duen moduan, “askotariko erronkak dituzte herritarrek 15 egun hauetarako: buruan duzun lagun horrekin 15 egunetan euskaraz mintzatzea, saltoki berrietan lehen hitza euskaraz egitea, okindegiko saltzailearekin elkarrizketa elebidunak izaten saiatzea…. Aldaketa txiki, ertain eta handiekin etorriko baita aldaketa hizkuntza ohituretan”.

Ahobizi edo belarriprest izango diren guztiei egin die eskaera: grabatu mugikorrarekin zuen erronka, eta igo zuen sare sozialetara, @euskaraldia aipuarekin eta #HitzezEkiteko traola erabilita.

Bestalde, Euskaraldiaren ikusgarritasunak garrantzia handia du ariketa egiteko unean, giroa sortu eta lasaitasuna ematen baitu euskaraz lasaiago mintzatzeko. Beraz, balkoietan, leihoetan eta erakusleihoetan banderatxoak jartzeko deia egin dute Euskaltzaleen Topagunetik, denda.euskaraldia.eus gunean daude salgai eta herrietako batzordeek ere salgai dituzte.

Eta ikusgarritasun horrekin lotuta, ariketa egiteko "hain beharrezkoa den txapa" dagoela gogoratu dute, eta egunero-egunero paparrean jantzita eramateko deia egin du Goñik “ariketa egin edo ez egitearen aldea egon baitateke inguruan txaparik ez topatzeak”.