argia.eus
INPRIMATU
Errigorak uzta arrakastatsua lortu du iazko zenbakiak hobetuta
  • Errigorak Uztaberria kanpainaren datuak eman ditu udaberriaren iristearekin batera zabaldu duten oharrean. Emaitzak “aipagarriak” direla esan dute; aurreko urtekoekin alderatuta, hazkunde handia izan dute.

Lukas Barandiaran San Roman 2017ko martxoaren 23a

Aurten, Euskal Herriko 6.000 etxetara helduko dira Errigoraren produktuak, iaz baino %20 gehiago. Guztira 86.500 litro olio (%15 gehiago) eta 208.000 ontzi kontserba (%30 gehiago) banatuko dituzte.

Azaldu dute olio bidoien banaketa apirilean egingo dutela Euskal Herriko 60 bat herritara. Kontserba loteak, berriz, ekaina hasieran banatuko dituzte.

Emaitza horiek lortzeko inoiz baino eskaintza zabalagoa eduki dutela azpimarratu dute; nekazari eta elaboratzaileen artean zubi lana egin dute, eta ekoizle berriak batu zaizkie.

Errigorak urteak daramatza auzolanaren bitartez bertako produktuak Euskal Herrian saltzen. Ateratako diruarekin Nafarroa hegoaldeko, hau da, “ euskara ofiziala ez den zonaldeko ” euskalduntzea bultzatzen dute.