argia.eus
INPRIMATU
Errigorak platerak bete, Ekoaldek baratzak antolatu!!!

Ekoalde @Ekoalde1 2021eko apirilaren 07a

Zorionak Errigora osatzen duzuen familia osoari, hau arrakasta, hau! Beste behin ere izugarria izan da euskara, auzolana eta “hegoaldeko uzta” uztartuz kanpaina honen bidez lortu duzuena. Irri–berria eragin diguzue, aurreko marken ondorioz hainbat irri eta aldi bakoitzean irri berri bat, bejondeizuela!

Ekoaldeko bazkide diren hainbat ekoizle eta elaboratzaile ekologikok Errigorak martxan jarri duen “Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura” dinamikan parte hartu dute beraien produktuak eskainiz. Horregatik pozten gara modu bikoitzean.

Errigorak ekarpen zehatza egiten du elikadura burujabetzaren bidean.

Errigoran egin duzuen apustua eta erronka argia da. “Plateretik baratzera” da zuen lelo nagusia. “Ekoizteko erak alda daitezen, kontsumitzeko moduak aldatzeko bide bat” da egiten diguzuen proposamena. Bide horretan, poztekoa da oso zuen kanpainetan produktu ekologikoek izan duten gorakada eta harrera. Apustu horretan sakontzea da gaurkoan Errigorako komunitateari eskatu nahi dioguna. Zergatik? Produktu ekologikoen eskaeraren igotzeak aukera paregabea eskaintzen digulako Nafarroako lehen sektore ekologikoa egituratzen jarraitzeko, norabide horretan laguntzeko elkartu eta sortu baitzuten hainbat ekoizlek Ekoalde elkartea tresna moduan.

"Gure helburua eta ekarpena sektore ekologikoaren ekimen gaitasuna egonkortzeko banaketa bide laburrak sortzea da"

Zeintzuk dira, Ekoalderen ustez, elkarlan eta aliantza berrietarako gakoak?

“Gaurko kontsumoaren araberakoa izango da biharko ekoizpena” zenioten kanpainan. Esaldi horretan aurkitzen ditugu lan amankomun eta aliantza berrietarako gakoak. Horretarako subjektu ezberdinek parte hartu behar dute, bakoitzak bere eremu eta zereginetan asmatuz baina denok norabide berean ekarpenak eginez. Hala ere, administrazioaren papera zein bultzada (baita ekonomikoa ere) handiagoa behar duela izan azpimarratu nahi dugu.

Hori da Ekoaldek, umiltasunetik, bide-orri horretan eskaintzerik duena, Errigorak platerrak bete eta Ekoaldek baratzak antolatu!

Zein izan daiteke Ekoalderen ekarpen zehatza?

Gure helburua eta ekarpena sektore ekologikoaren ekimen gaitasuna egonkortzeko banaketa bide laburrak sortzea da. Nafarroan ekoiztu eta egindako produktu ekologikoak balorean jarri, landa garapena bultzatu eta ekoizpen ekologikoaren alde egin duen edo egin dezakeen lehen sektorea egituratzen jarraitzea. Guzti hori, eskaintza askotarikoa eta bateratua bermatuz.

Ekoalde Nafarroa Garaiko hainbat ekoizle eta elaboratzaile ekologikok sortutako irabazi asmorik gabeko elkartea da. Ekoalderen sorrera mugarria izan zen Nafarroako sektore ekologikoarentzat. Txikizkari, jantoki kolektibo zein norbanakoei begira bertako produktu ekologikoak modu eraginkor, profesional, zuzen eta bateratuan banatzeko sortu zen bilketa gune hau.

Ekoalde gero eta eskola-jantoki kolektibo gehiagorekin ixten ari da erosketa akordioak. Bide berria eta berritzailea da guretzako, akordio horiek alde bietarako onuragarriak baitira. Eskolek elikagai osasuntsu eta bertakoak eskaintzen diete ikasleei modu iraunkor batean. Ekoalderentzat, akordio iraunkor horiek aukera paregabea ematen digu planifikazio produktiboak egin eta sektorea modu seguru eta justuan egituratzen jarraitzeko. Hori da guretzako datozen hilabete zein urteetarako erronka nagusia, jantoki kolektiboetan (eskolak, enpresak, ospitaleak, eta abar) menu gero eta osasungarriak izaten laguntzea, eta horretarako prestatzen ari gara.

Probestu dezagun aukera hau.

Zorionez, praktikan jartzen ari gara hainbatetan amestu eta irudikatutakoa. Orain, antolatu gaitezen, sinergiak sortu eta izan gaitezen eraginkor ekonomia eredu zirkular erreal baten bidean.