Errigorako kanpainaren eskari kopurua %20 hazi da, iazko datuekin alderatuz gero.
Martxoaren 10ean abiatu zuen Errigorak Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpaina. Nafarroa hegoalde eta erdialdeko oliba-olio birjina estra, kontserba-potoak, arroza, pasta eta lekaleak jarri zituzten eskuragai, euskaraz etiketatuta eta ekoizlearen jatorrizko prezioan. Martxoaren 30era arte aritu ziren herritarren eskariak jasotzen, eta berriki egin dituzte publiko kanpainaren emaitzak. "Inoizko uztarik emankorrena suposatu du", jakinarazi dute publiko egindako oharrean.
Emandako datuen arabera, eskaria %20 hazi da iaztik, eta 10.000 despentsa beteko dituzte Nafar hegoalde eta erdialdeko produktuekin. Zehazki, 143.000 litro olio saldu dira, iaz baino %20 gehiago; eta kontserba-potoen eta arroz, pasta eta lekaleen paketeen eskariek ere gora egin dute, %15 igoz –271.000 kontserba-poto eta 41.000 pakete–.
Inoizko uzta emankorrena utzi du aurtengo #ESKUTIKeskura kanpainak:
-10.000 etxe
-143.000 litro olio
-271.000 ontzi kontserba
-41.000 pakete arroz, pasta eta lekale
Zorionak Errigoraren komunitatea osatzen dugun ekoizle, boluntario eta kontsumitzaileei!#oinakLurrean pic.twitter.com/AZ1axz0jpB
— ERRIGORA (@errigora) April 27, 2022
"Errigoraren Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpaina bertako elikagaiak kontsumitzeko auzolan.ariketa bat da. Kontsumitzeko erak aldatuta, ekoizpen moduak aldatzen hasteko saiakera bat. Urtez urte gero eta handiagoa den eskaerak eman ditu bere fruituak Nafarroako baratzean", zioten Oinak lurrean izenez publiko zuten bideoak. Zentzu horretan, orain arteko uztarik emankorrena jaso izanari esker, aurrerapausoak emango dituzte datozen hilabeteetan. Oinak lurrean izeneko dokumentuan aurreratu dutenez, irailerako prest izango dituzte 40 erregu-lur berri (36.000 metro karratu) piper ekologiko gehiago jasotzeko, eta honezkero hamabi ekoizleren lantokietan euskara-planak ari dira gauzatzen; "2023rako Errigoraren baitan ari diren guztiak izango dira euskara-planetan murgilduta", adierazi dute.