argia.eus
INPRIMATU
Errigorak abiatu du udazkeneko saskien kanpaina
  • Urriaren 23an Ablitasen hasi dira bertako produktuen saskiak prestatzen. ‘Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka’ kanpaina azaroaren 11ra arte luzatuko da. Jasotako diruaren %25 AEKra, ikastoletara, eskola publikoetan D eredua bultzatzen duen Sortzen Elkartera eta Agerraldira bideratuko da.

ARGIA @argia 2021eko urriaren 25a
Ablitasen boluntarioak saskiak kutxatan sartzen hasi diren lehenengo egunean, urriaren 23an. Argazkia: Errigora.

Urriaren 23az geroztik Nafarroako hegoaldeko 25 ekoizleren produktuak jasotzen dituzten hiru saski motak eskatu daitezke helbide honetan. Azken urteetan bezala, hiru saski daude aukeran: saski beltza, 55 eurokoa (klasikoa); saski berdea, 65 eurokoa (ekologikoa) eta saski zuria 75 eurokoa (berezia).

Kanpaina urriaren 23an hasi da Ablitasen. Auzolanean oinarritutako ekimen honetan 300 lagun elkartu dira 25 ekoizleen produktuak bilduko dituzten kutxak prestatzera. Ablitasen kutxak prestatzen eta 200 herri baino gehiagotan boluntarioak kanpainaren berri ematen aritu dira eta saskien eskaerak jasotzen. Lanaz gain, musika ere izan dute asteburuan. Larunbatean bertan Tuteran Agerraldiak antolatutako kontzertua izan dute.

Errigora ekimena 2013an jarri zen abian eta orduz geroztik 1.400.000 euro baino gehiago bideratu dituzte euskararen normalizazioan pausoak ematera.

Agerraldia 2019tik ari da lanean

2013tik saskien kanpainari esker jasotako diru zati bat AEKrentzat, Ikastolen Elkartearentzat eta Sortzen Elkartearentzat izan da. 2019an ordea, Agerraldia taldea sortu zen Errigora egitasmoaren barruan. Elkarteak bazuen kezka bat: euskararen aldeko kanpaina hura bertan behera geratuko balitz zer geldituko litzateke Nafarroako erdialdean eta hegoaldean? Ekimenen iraunkortasuna bermatzeko bideak ireki nahian, herriz herri hasi ziren galdezka, ondoren lehentasunei eta beharrei hobeto erantzun ahal izateko. Mota guztietako nahiak azaldu dituzte nafar euskaldun eta euskaltzaleek eta Errigora horiei erantzuten saiatzen da saskien kanpainari esker.

Errigorak honela definitu du Agerraldia egitasmoa: “Bere garaian erromatarrek ager vasconum izendatu zuten eremua berreuskaldundu nahi duten herritar guztiak saretu eta mugimendu ekintzaile bat sortu nahi du. Izan ere, bokazio praktikoa du Agerraldiak: egiteko eta eginarazteko sortu da; instituzioen utzikeriaren edo, are, eragozpenen aurrean, herri-ekimena nagusitu dadin, euskararentzat aro berri bat zabaltzeko”.

Agerraldiaz gehiago jakin nahi izanez gero, hemen duzue ARGIAn argitaratu berri dugun erreportajea: Errigoraren beste uzta: euskara planak, ludotekak, futbol taldeak...

Hurrengo ekimenak

-Azaroaren 8an Agerraldiaren ekimenez antolatutako ludoteken ikasturte berria aurkeztuko dute Tafallan. Hemezortzi ludoteka abian dira ikasturte honetan.

-Azaroaren 2an Lodosako eta Tuterako ikastolen bizipenak azalduko dizkiete Oarsoaldeko ikastoletako langile eta gurasoei.

-Azaroaren 6an, AEK-k Gipuzkoako eta Erriberako ikasleen arteko topaketa egingo du Allon.

-Azaroaren 7an, Sortzenek Iruñeko eta Caparrosoko D ereduko hainbat familia bilduko ditu Caparroson.

-Azaroaren 16an, saskien kanpainaren emaitzen berri emango du Errigorak. Herritarrei ekarpena eskertuko die eta Agerraldiaren 2022ko agenda aurkeztuko dute.