argia.eus
INPRIMATU
Errigorak 85.000 euro bildu ditu udako suteen kalteei aurre egiteko kanpainan
  • Ekainean Nafarroak inoiz jasan gabeko kalteak izan zituen suteen ondorioz. Errigora ekimenak diru bilketa abiatu zuen uztailean, ondorioak bideratu ahal izateko eta "lurrarekiko begirunez jardungo duten ereduak" sustatzeko. 85.000 euro bildu dituzte Euskal Herriko elkarte, udal eta norbanakoen ekarpenei esker. 

ARGIA @argia 2022ko abenduaren 22a
Kanpainan bildutako dirua suebaki berdeak sortzeko eta abeltzaintza estentsiboa sustatzeko erabiliko ditu Errigorak.

Nafarroako Ager eremuan euskara eta nekazaritza sustatzen dihardu Errigora ekimenak, eta diru bilketa abiatu zuen uztailean 15.000 hektarea kixkali zituzten suteen kalteei aurre egiteko. Hori, eta aurrerantzean etorri daitezkeen hondamendiei aurre hartzeko. Euskal Herriko elkarte, udal eta norbanakoen ekarpenei esker, Errigorak 85.000 euro lortu ditu. Suebaki berdeak sortu eta abeltzaintza estentsiboa sustatzera bideratuko du dirua.

Inoizko kalterik handienak eragin zituzten Nafarroan ekaineko suteek, eta Errigorak ez errepikatzeko lan egiteko asmoa du. Uxue eta San Martin Unxen inbertituko dute bildutako dirua. Unxen, esaterako, suteek lurraren %95 erre zuten. Bertan lan egiteko lau ildo zehaztu dituzte: batetik, bide berri bat egitea herriaren sarrera konektatzeko Erriberritik Sanper ingururantza. Bigarrenik, El Boyeral-era begirako aisialdi gune bat. Hirugarrenik, etxebizitzen pare-parean mahasti berriak landatzea. Eta laugarrenik, herriko behi-abeltzain gaztea laguntzea eta ahutz-abeltzain berriak erakartzea.

Uxuen, bestalde, zehaztu dute Antzandieta amildegiaren garbiketa egitea eta iturri zein zubi erromanikoen berreskurapena; Lanbide Heziketako eskolekin hitzarmenak egitea lanpostuak sortzeko nekazal gaiak, agroekologikoak eta agroforestalak landuz; eta herrigunetik Uxue parkerainoko bidea irekitzea. 

"Lurra, sua, ura, Herria"

Uztailean abiatu zuten kanpaina “Lurra, sua, ura, Herria” lelopean, eta Errigorak berak jarri zituen lehen 10.000 euroak. Gainontzekoa ekarpenen bidez bildu dute.

Lortutako diruarekin ekimenetara igarotzeko, talde teknikoak jaso ditu proposamenak, eta hartu ditu irizpide eta erabakiak. Mahaia osatu zuten suhiltzaile, basozain, lehen sektoreko sindikatu eta Nafarroako udal eta kontzejuetako lehendakariekin.

Ekimena, hala ere, “lehenengo bultzada” da suteei aurre egiteko bidean. Gero beste eragile eta erakunde batzuk batzea espero du Errigorak eta aurkeztutako proiektuei eta berriei jarraipena eman ahal izatea.